[dotb.eus] Gaurtik aurrera Euskaraldian parte hartzeko izen ematea zabalik

Durangaldean ekimen ezberdinak egingo dira parte hartzea bultzatzeko
Durangoko Euskaraldiaren batzordeko kideek parte hartzera gonbitea luzatu dute

DURANGO.- Euskaraldia, hizkuntza ohituretan eragitea helburu duen egitasmoa martxan da eta parte hartu gura duten guztiek izena eman dezakete irailaren 20tik aurrera.

Durangalde osoan ekimenak egongo dira eskualde honetan Euskaraldia bultzatzeko. Adibidez Berrizen izena emateko aukera egongo da Olakueta Plazan irailaren 21ean 18:00etatik 20:00etara. Elorrion gaur 19,15etik 20,30era plazan eta bihar, irailak 21 ere Algari tabernan parean izango dira izen emateak. Zaldibarren ere bihar, udaletxe aurrean  izena emateko aukera egongo da 19:00etik  20:00etara.

Eta Durangon ekimena bultzatzen ari den lantaldeak herritarrak parte hartzera deitu ditu. Izena emateko aukera bi proposatu dituzte:

1. Internet bidez on-line izena ematea: izenematea.euskaraldia.eus
2. Durangoko Euskaraldiak jaien ostean Alde Zaharrean jarriko duen lokalera gerturatzea (Artekalea, 14-Hitz liburu-denda zegoen lokalean)

Zer da euskaraldia?

Euskaraz hitz egin eta ulertzen duten herritarren arteko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu Euskaraldiak, baita era guztietako entitateak euskarazko hizkuntza praktikak babesteko neurriak hartzera bultzatzea ere. Parte-hartzaileei 11 egunetan zehar beraien ohiko harremanetan euskaraz aritzeko gonbitea egingo zaie, inertziak apurtu eta euskarazko hizkuntza praktikak aktibatzeko helburuagaz.

‘11 egun euskaraz’

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hamaika egunez 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu gura ditugu. Bi protagonistak identifikatzeko txapak jarriko dituzte.

Ahobizi: Ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egingo diete, baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz.

Belarriprest: Gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatuko diete, nahiz eta eurek erdaraz erantzun.

Azken bi urteetan hainbat herritan martxan izan diren dinamikak (Agurain, Lasarte…) euskararen lurralde osora zabaldu gura dituzte orain. Tokian tokiko euskaltzaleak dira herri bakoitzeko dinamikaren sustatzaileak. Durangoren kasuan, hainbat ikastetxe, elkarte, erakunde eta norbanakoren babesa jaso du. Durangoko Udalak ere bat egin du ekimenagaz.

Durangoko batzordeak ateak zabalik ditu bertan parte hartu gura duten guztientzat, azaldu dutenez “parte hartzeko gogoz edo laguntzeko prest dagoenak euskaraldiadurango@gmail.com helbidera idatzi dezake batzordearekin kontaktuan jartzeko. Animatu eta parte hartu!”

DOTB

Durangaldeko Informazioa eta Albisteak. Información y Noticias de Durangaldea

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.