dotb Durangaldeko Telebista

[dotb.eus] «Plateruena ta gero zer?» dinamika aurkeztu da Durangon

Herritar talde bat Plateruena kudeatzeako proiektu berri bat garatzen ari da, Durangoko Udalari aurkezteko asmoz

DURANGO.- Plateruenak bere zikloa itxi berri duen honetan, berau kudeatzeko proiektu berri bat garatzen ari den herritar talde bat aurkeztu berri da. Azken urteetan Plateruenako Kulturgintzako taldean aritu diren kide batzuk, eta herrigintzan zein kulturan arituriko durangar batzuk osatzen duen taldea da, eta Plateruenarako proposamen berri hau Durangoko Udalari aurkezteko asmoa dutela adierazi dute. «Euskara, kultura eta herritarrak lirateke proiektu berri honen ardatza; aurreko proiektuaren ondarea baliatu, akatsetatik ikasi, eta Plateruena durangarrentzako kulturgintzarako dinamika berri batean murgiltzeko eredua garatzen ari gara. Ostalaritza albo batera utzi, eta Plateruenak kulturgune lez dituen aukerak indartzea aurreikusten ditu eredu horrek, besteak beste», azaldu dute.

Durangoko hainbat kultur eragilerekin, kolektiborekin eta norbanakorekin batzen ari dira, «gure hausnarketak eta kezkak elkartrukatzeko. Bisitaturiko lagun/elkarte adina ideia jasotzen ari gara, eta argi geratu zaigu kultur transmisioak horizontala izan behar duela, eta Durangoko kulturgintzak berau koordinatuko eta sustatuko duen tresnak behar dituela».  Talde honeka azaldu duenez, «Plateruenak engranaia horretako pieza garrantzitsuetako bat izan behar du, eta gure proposamena horretara bideratuko da».

Hausnarketa kolektiborako dinamika planteatu gura dute, eta harreman bira hasi dute Durangoko kultur elkarte eta norbanakoekin

Plateruena berria herritarrak protagonista edukiko dituen ahalduntze ariketa bat izan behar delakoan daude. Eta horretarako, lan saio bateratu bat egitea proposatu gura dute. Deialdia otsailaren 6an izango da, Zabalarra eskolan, 10:30ean. «Herri mailako diagnostiko kolektibo bat egiteko, eta Plateruenaren funtzioak zeintzuk izan beharko liratekeen hausnarketa konpartituan sakontzeko batzea da gure asmoa. Izena ematea beharrezkoa izango da, osasun krisialdian ezarritako neurriak bete ahal izateko. Lotura honen bitartez eman beharko da izena: labur.eus/tagerozer».

Edozein ekarpen egiteko, edota harremanetarako, email helbide hau erabili daiteke: plateruenatagero@gmail.com

‘Plateruena eta gero zer?’ dinamika martxan jarrita, epe luzerako erronka planteatu gura dute. «Proiektuaren lerro nagusiak zehaztuta ere, egitasmo hau ahalik eta esku gehienek idaztea gura dugu, Plateruena berria izango dena ahalik eta parte hartzaileena izatea gura dugu, Durangori ahalik eta ekarpenik handiena egiteko», azaldu dute.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Disponible para Amazon Prime