[dotb.eus] Udalak Zaldibarko Harrera Protokoloa martxan jarri du herriko eragileekin batera

Protokoloarekin batera zazpi hizkuntzatan argitaratutako Harrera Gida aurkeztu da
Udalarekin batera hainbat eragile aritu dira lanean protokoloa garatzeko

ZALDIBAR.- Zaldibarko Udalak herriko hainbat eragileekin batera Zaldibarko Harrera Protokoloa jarri du martxan.

Protokoloaren garapenean, Zaldibarko Udalak eta herriko hainbat talde eta eragilek parte hartu dute.  Udalarekin batera Zaldibarko Ikastetxeak, Olazarmendi gimnasia erritmiko taldeak, Zaldibarko Guraso Elkarteak, Zaldibarko Gaztelekuak, Zaldibarko Gaztetxeak, Nagusien Elkarteak, Caritasek eta Zaldibarko Jendeak taldeek ere parte hartu dute.

Eneritz Azpitarte, Zaldibarko Alkateak azaldu duenez “protokoloaren helburua Zaldibarren bizitzera etortzeko hautua egiten duten pertsonei etorrera erraztea da, eta era berean, gure herriko zerbitzu, hizkuntza, ohitura eta ezaugarrien berri ematea”. Eta azpimarratu du “Zaldibarrera datozen pertsonak bertan geratzea nahi dugu, bertako hizkuntza ikasi eta bertako bizitzan parte hartzea da gure helburua”.

Hizkuntzaren gaiak lanketa berezia izan du protokoloa egiteko garaian eta prozesuan zehar Euskaltzaleen Topagunearen aholkularitza izan dute. Topaguneak egindako batzarrak dinamizatu ditu eta horretaz gain, Zaldibarko azterketa demografikoa egin du.

Harrera Gidaren aurkezpena

Protokoloarekin batera zazpi hizkuntzatan argitaratutako Harrera Gida aurkeztu da. “Gure hizkuntzari garrantzia ematen diogulako ezinbestekoa iruditzen zitzaigun Harrera Gida zaldibartarrek gehien erabilitako hizkuntza guztietan argitaratzea”. Euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, portugesa, errumaniera eta arabieran argitaratu dute. “Zaldibar herri anitza da, badugu herrian aniztasuna lantzen duen Zaldibarko Jendeak taldea eta gaia guztiz barneratuta duten beste eragile eta talde asko, udalak ere badarama denbora aniztasunaren gaia lantzen, eta Harrera Protokoloa bide horretan pausu garrantzitsua da”, azaldu du Karmen Sampedro gizarte arloko zinegotziak.

Protokoloa zehazteko orduan bi aspektu landu dira: Harrera Instituzionala eta Harrera Herritarra. Harrera instituzionalari dagokionez erroldatzeko momentuari garrantzia eman diote. Pertsonak Zaldibarren erroldatzeko momentuan Harrera Gida eta alkatearen ongi etorri gutuna emango zaie eta ondoren, Harrera Herritarrari bide emango zaio. Pertsonek horrela onartzen badute, Zaldibarko herritar boluntarioek osatutako Harrera Taldea beraiekin harremanetan jarriko da herria erakutsi eta bertako errealitatea hobeto ezagutzen laguntzeko. Baliabide Gida eta egindako ikerketa demografikoa www.zaldibar.eus udal webgunean argitaratuko dira.

DOTB

Durangaldeko Informazioa eta Albisteak. Información y Noticias de Durangaldea

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.