[dotb.eus] Zaldibarko Berbalagun ekimenean parte hartzeko bigarren izen ematea

Epea urtarrilaren 18tik 31ra bitartean izango da
Izen ematea, Zaldibarko udalean eta liburutegian egin daiteke

ZALDIBAR.- Urrian ikasturtea hastearekin batera, Zaldibarren, Berbalagun talde berriak sortu ziren eta urtarrilean komunitatearen sareak ehuntzen jarraituko du bigarren izen emateari esker. Berbalaguna euskara bizi eta erabiltzeko aukera paregabea da.  Izan ere, ekimenak euskaraz aritzeko gune eta uneak sortzen ditu. Astero taldean ordu betez herrikideekin mintzapraktika egiteko elkartzen dira. Urtean zehar, ekintza osagarrien bidez, gainerako kideak ezagutzeko aukera izaten dute.

Uda ondoren, asteroko hitzorduei ekin zieten, elkarrekin esperientzia aberasgarriak bizitzeko gogoz. Urtarrilean berriz ere mintzapraktika egiteko bilduko dira, bigarren deialdian bat egin duten mintzalagun berriekin batera. Helburua euskaraz bizi nahi izatea da, bospasei laguneko taldetan elkarturik, adiskide giroan aritzen dira hizketan eta pixkanaka sumatuko dute mintzapraktikaren efektua: kalean ere imajinatzen ez luketen hamaika pertsonekin hasiko dira euskaraz hitz egiten.

Nondik norakoak

Euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi dutenak eta euskaraz normaltasunez aritzen diren laguntzaileekin mintzapraktika taldeak antolatzen dira. Beldurrei aurre egin nahi dietelako, euskara maila hobetzeko edota euskaraz gozatzeko ematen dute izena.

Berbalaguna euskaraz hitz egin ohi duten pertsonak euskaraz egin nahi duten pertsonekin euskaraz aritzeko elkartzen dituen programa da.

Parte hartzaileen artean talde txikiak egiten dira eta astean behin ordu betez beraien aisialdi garaian elkartuko dira paseoan, kafetegian, parkean… euskaraz aritzeko, euskaraz bizitzeko.

Bi modutara parte har daiteke, euskara praktikatuz (bidelaria) eta euskara praktikatzen lagunduz (bidelaguna). Berbalagun bihurtzeko baldintza bakarrak, euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea dira.

Gaur egun 7.721 mintzalagun elkartzen dira Euskal Herrian. Guztira 1.222 taldek osatzen dute berbalagunon sarea, komunitatea. Guztira, 21 herri eta eskualdek hartu dute parte kanpainan, baina Berbalagun egitasmoetan parte hartzeko deia Euskal Herri osora hedatu nahi du deialdiak.

Parte hartzeko bi baldintzak

Parte hartzeko baldintza bi bete behar dira:

  • Euskaraz komunikatzeko gai izatea.
  • Astean ordubetez elkartzeko prest egotea.

Izen ematea

Izena emateko, Zaldibarko udalean eta liburutegian dauden eskuorrietan edota https://labur.eus/zaldibarkoberbalaguna estekako galdetegia betez.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Zaldibarko udalean galdetu, edota  zaldibarkoberbalaguna@gmail.com helbide elektronikoan edo 688 72 29 89 telefonoaren bidez jar daiteke harremanetan.

Izena emateko epea, urtarrilaren 18tik 31ra bitartean izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.