[dotb.eus] Zaldibarko Euskararen Plana herritarren partaidetzarekin landuko da

  • 12
    Shares
Online inkesta azaroaren 13tik 29ra egin ahalko da
Herritarrek euskararen egoerari buruzko iritziak eman ditzakete

ZALDIBAR.- Euskararen erabilera indartzeko asmoz, Zaldibarko Udalak Euskararen Plan Estrategiko berria landuko du 2019an. Plan horretan, hurrengo urteetako hizkuntza-politikaren ildoak ezarriko dira, hainbat arlotan: administrazioa, kulturgintza, irakaskuntza, lan mundua, teknologia berriak eta abar. Planak helburu nagusi bi izango ditu: alde batetik, euskaraz bizi nahi duten herritarrek gero eta aukera gehiago izatea euskara erabiltzeko, eta, bestetik, euskara indartzea, maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean.

Plan berria abiatu baino lehen, Udalak orain arte euskararen arloan egin den lana baloratu eta, gaur egun, herrian euskararen egoera zein den jakin nahi du. Horretarako, Udalak prozesua abiatuko du Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean.

Azterketa hori egiteko, datu soziolinguistikoak aztertzeaz gain, herritarren parte-hartzea ere ezinbestekoa izango da.

Herritarrek bi bide izango dituzte prozesu honetan parte hartzeko:

On line galdetegia: Zaldibartarrek euskararen erabileraren inguruan dituzten iritziak, espektatibak eta ideiak jasoko dira inkesta baten bidez. Inkestan parte hartzeko udal webgunera sartu beharko da estekan honetan. Edonork erantzun dezake galdetegia, azaroaren 13tik 29ra.
Herritarren erantzunak eta ikuspuntuak oso baliagarriak izango dira ebaluazioa egiteko.

Paperezko galdetegia: euskarri informatikorik erabili ezin edo nahi ez duten herritarrek aukera izango dute galdetegia eskuz betetzeko. Horretarako, Udal Liburutegian edota Udalean bertan izango dute betetzeko aukera. Prozesuaren inguruan zalantzarik izanez gero, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin jar daiteke harremanetan: eguen@zaldibar.eus helbidea, edo 94 682 70 16 telefono zenbakian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.