Landako Gunean ospatuko da, goizez eta arratsaldez

DURANGO.-Bigarren urtez Durangon Gabonetako Artisau eta Sortzaileen azoka ospatuko da bihar hasita eta 21era. Kultur ekintza honetan, 24 artisau eta sortzailek parte hartuko dute. Askotariko lanak aurkitu ahal izango dira: arropa diseinua, bitxiak, ilustrazioak, kosmetika naturala, inprimaketa artistikoak, egur taila, dekorazioa, lanparak, motxilak, poltsak,… «Eguberrietan egin izan ohi dugun opariak erosteko aukera ona izan daiteke, detaile eder, original eta bakarrak; bertan sortuak», azaldu dute antolatzaileek. Gabonetako azoka Landako Gunean izango da, 11:00-14:30 eta 16:30-20:00. Artisau eta sortzaileez gain, postu solidario bat izango da azokan asteburuan zehar. Bertaratu ezkero, lehenengo egunetan egindako erosketen artean 50 eurotako bonuak zozketatuko dira. Bonu hauek, azoka dirauen bitartean bertako produktutan gastatu beharko dituzte irabazleek. «Aukera ederra Durangoko Gabonetako azokan artisautzaz gozatzeko!», gaineratu dute.
ELORRION ERE.- Honez gain, abenduak 23an Elorrioko plazan III. Gabonetako Artisau eta Sortzaileen azoka ospatuko da, 9:30etatik 14:30etara. Bertan 11 postu jarriko dituzte: zeramika, bitxiak, egur taila, inprimaketa artistikoa, ehungitzako osagarriak, kosmetika naturala.