dotb Durangaldeko Telebista

Durangoko Institutuko ZIG gelako ikasleak lehen aldiz atzerrian Erasmus-eko proiektuarekin

“T-CLEO Theatre: a Common Language to Express Ourselves” Erasmus+ izeneko proiektua da

Estereotipoak, integrazioa eta iraunkortasuna antzerkiaren bidez lotzea da helburua

DURANGO| Estereotipoak, integrazioa eta iraunkortasuna antzerkiaren bidez lotzeko, estreinakoz Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutuko ZIG gelako ikasleak Erasmus+en partaide izan dira.  Errumanian, Satu Mare hirian, ZIG gelako bi ikaslek  “T-CLEO Theatre: a Common Language to Express Ourselves” Erasmus+ izeneko proiektua lantzen jardun zuten abenduaren 4tik 10era institutuko DBH eta Batxilergoko beste ikasle batzuekin batera. Bertan, besteak beste, Grezia, Txipre, Italia eta Errumaniako ikasleekin batera Durangon prestatzen hasita zeukaten antzezlana entsaiatu eta hiriko Philharmonic-en antzeztu zuten.

Nadiushka eta Ariane dira Errumaniako ipar-mendebaldean kokatuta dagoen Satu Mare hirira joan ziren ZIG gelako bi ikasleak.

Nadiushkak azaldu duenez “hotel baten egon ginen eta esperientzia izugarria eta askatasun handikoa izan da. Eskolan antzerkia prestatzen genuen, tailerrak eta beste ekintza batzuk ere egiten genituen. Durangoko institutuko eta beste herrialdetako ikasleekin ematen genuen egun osoa. Batzuetan, tabernetara edota pizzeria batera joaten ginen.”

“Ez genuen bakarrik Satu Mare ikusi, ostegunean, Maramureș herria bisitatu genuen, bidaian, hilerria, antzerki bat, kartzela eta Barsana monasterioa ikusi genuen” azpimarratu du Arianek.

Bientzako bidaiaren zati gogorrena goizeko hiruretan aireportuan egotea izan zela eta gaueko bederatzietan heltzea izan zela azaldu dute, hala ere, esperientzia asko gustatu zitzaien. Hango janari tipikoa jan zuten, sopak eta oilaskoa, eta, gustukoena, Kurtoskalacs postrea izan zen. Ekintzen artean, antzerkia egitea eta han aurkeztea haien gustukoena izan zen. Bi ikasleek Erasmusa errepikatuko lukete.

ZIG gelako irakasleek, Virginia Covas-ek eta Maider Arrizabalaga-k, ikasle hauen parte hartzeak ZIG gelak asko girotu dituztela diote: “Geletako ikasle guztiek jarraitu dute bidaia eta denek bidaiatu izan balute bezala izan da. Gainera, astearte arratsaldero proiektuan laguntzeko taldetxo bat etortzen da”. Guzti hau, oso positiboa izan da eta hurrengo proiektu eskakizunetan ahal den heinean kontutan izango da.

2. DBHko antzerki taldeko ikasleak baita proiektuan parte hartzen ari dira

Bestalde, 2.DBHko antzerki taldeko ikasleak baita proiektuan parte hartzen ari dira. Hauetako batzuk, Greziara egingo den irteeran hartuko dute parte. Bertan, herrialde bakoitzari elementu bat asignatuko zaio. Durangori Haizea dagokio.

Durangora datorren ikasturtean etorriko dira. Ordurako, ingurumenaren zainketarekin lotutako antzezlana prestatuko dute. Ikasle hauek, Iasmina Gorroño, antzerkiko irakaslearekin batera, obra prestatzen ari dira. Epaiketa bat izango da. Honetan, euskal mitologiako eta marrazki bizidunetako pertsonaiak agertuko dira eta mamia Edurne Zuriren sagarrak nork pozoitu duen aurkitzean datza, horrela antzerkia literaturarekin lotuz.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.