2023ko aurrekontuari ezezkoa bozkatzeko arrazoi nagusitzat jo dute akordioaren betearazpen falta

DURANGALDEA | Mankomunitateak 2023ko aurrekontuak onartzeko plenoan EH Bilduk iaz sinatutako aurrekontu akordioaren balorazioa egin du eta ondorioztatu du 2022rako adostutako neurri nagusienak ez daudela martxan. «Hori izango da EH Bilduk 2023ko aurrekontua ez babesteko arrazoi nagusiena», azaldu dute EH Bildutik.
Ainara Otxotorena bozeramaileak aurrekontu akordioaren errepasoa egin du. Era positiboan baloratu du hondakin organikoa sustatzeko kanpaina. Bere esanetan EH Bilduren proposamenari esker 620 erabiltzaile berri eta 62 konpostagailu banatu dira, eta kanpainak egiten jarraitzeko beharra azpimarratu du.
Gizarte zerbitzuak indartzeko egindako proposamenen inguruan balorazio negatiboa egin du EH Bilduk. Hainbat proposamen adostu zituzten 2022rako baina ez dira guztiz bete. Etxez etxeko laguntzaren arautegia onartu da baina oraindik ez dago martxan. Urgentziazko etxebizitzen kasuan ere Atxondoko udalarekin hitzarmena egin arren etxebizitzak ez daude martxan. Otxotorenak adierazi du “gaur gaurkoz urgentziazko egoera baten aurrean bagaude Mankomunitateak ez du gizarte zerbitzuen karterak agindutako etxebizitzarik egoera horri aurre egiteko”.
Azkenik Mankomunitateko aurrekontuan urtero exekutatzen ez diren zenbatekoengatik udalei likidazioa egitea aztertzea adostu zuten 2022ko aurrekontuei begira. Neurri horri dagokionez EH Bilduk salatu du egindako azterketa ez dela neurri hori aplikatzera bideratu, gerakin guztia inbertsioetan gastatzeko baizik. Hori dela eta, neurri hau ez betetzat eman du EH Bilduk.
Bukatzeko aurrekontuaren memorian agertzen diren inbertsioekin desadostasuna adierazi du EH Bilduk eta inbertsio planaren kontra bozkatu zutela gogoratu du Otxotorenak. Gizarte zerbitzuak Elkartegian kokatzearekin zalantza handiak ditu EH Bilduk, zerbitzu guztiak ez direlako eraikinean sartzen.