dotb Durangaldeko Telebista

Garaia: Durangaldeko ikus-entzunezko biltegia Gerediagaren eskutik

Durango 1936 kultur elkarteak 2007tik egindako lanaren lekukoa hartu eta asmo berriekin indarberrituko du egitasmoa

“Garaia, Durangaldeko ikus-entzunezko biltegia” jarri du martxan Gerediagak

DURANGALDEA | Gerediaga Elkarteak “Garaia, Durangaldeko ikus-entzunezko biltegia” jarri du martxan. Eskualdeko memoria eta ondarea jasotzeko eremuan ekarpena egingo du atari honek, zehazki ikus-entzunezkoen arloan. Transmisioaren beharraz jabeturik, herritarren kontakizunak bildu, sailkatu eta ikusgai ipintzeko misioa dauka. Izan ere, testigantza horiek iragana ulertzeko lagin garrantzitsuak dira.

Gainera, Durangaldeko historiarekin, kulturarekin eta gizarte gaiekin zerikusia duten dokumentalak ikusteko aukera ere egongo da aurrerago webgunean. Sortzaileek ekoitzitako film edo erreportajeak plataforma bakarrean batuko dira, asmo birekin: lanok zabaltzen laguntzea eta herritarren esku-eskura ipintzea.

Beraz, ondare guzti hori batu eta babesteko balioko du Garaiak, sasoi batean uzta gordetzeko erabiltzen ziren garaien antzera.

Memoriaren garaia

Egitasmo honek ere badu bere iragana, lurra landuta topatu du sortzeko unetik. Memoria historikoari eskainitako atala, Durango 1936 kultur elkarteak 2007tik eginiko behar mardularen emaitza da: 150 testigantza argitaratu ditu eta, horri esker, urte luzetan estalita egon den memoria azaleratu ahal izan da. Egia, justizia eta ordaina aldarrikatzeko norabidea izan du elkarteak.

Bide hori osatuta, proiektuaren lekukoa Gerediaga elkarteak hartu du. Aurretik eginiko lanari balioa emateko ardura izango du eta, gainera, esparrua norabide bitan hedatzeko helburua ere bai. Batetik, lurraldeari dagokionez, eskualdean memoria historikoa jorratzeko interesa duten eragileekin elkarlanean jarduteko; bestetik, ikergaiari erreparatuta, historia eta ondarea zentzu zabalean aztertzeko. Memoria landuz, geroa eraikitzeko garaia da.

Bi ikerketagai nagusi jasotzen ditu ibilbidearen hasieran Garaiak: batetik, Durango 1936 Kultur Elkarteak 2007tik jasotako orain arte grabatuta testigantza guztiak eta bigarren, iaz Iurretako kofradien aro berriko 50. urteurrenerako egin zen ikerketaren lanerako bildutako lekukotzak.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Disponible para Amazon Prime