dotb Durangaldeko Telebista

Garaik ‘Landara eta lorazaintza azoka’ ospatuko du datorren apirilaren 2an

Azoka zabalik egongo da goizeko 10etatik 15:00ak arte

18 ekoizlek hartuko dute parte edizio honetan

GARAI | Garaiko Udalaren eta Urkiola Landa Garapenerako Alkartearen eskutik, Garaiko udalerrian IX. Landara eta Lorazaintza Azoka izango da datorren apirilaren 2an. Orain dela hamar urte sortu zen azoka hau arrakasta handia izan da aurreko edizioetan eta, aurten ere, bederatzigarren edizioan, giro jator eta herrikoiz blaituko da landara eta lorazaintza arloan herriko eta kanpoko zaleen topaleku hau.

Hala, apirilaren 2an, Garaiko herrira gerturatzen diren azokazaleek Euskal Herri osoko mintegietako landare/lore, lorezaintzako lanabesak eta baserriko tresnak ikusteko eta erosteko aukera izango dute. Mintegiek eta lorezaintza-enpresek produktuen ezaugarrien eta erosleen beharrizanei erantzuteko irtenbideen berri emango diete azokara datozenei.

Garaiko landara eta lorazaintza azokan, ikusgai eta erosgai egongo diren produktuak ondokoak dira:

  • Landare apaingarriak, zuhaixkak, kaktusak, landare haragijaleak, baratzerako Euskal Herriko hazi eta landare ekologikoak, landare txikiak, lorezaintza lanabesak, egurra eta loreak uztartzen dituzten artisautza-lanak eta baserriko tresnak,besteak beste.

Bestalde, eskualdeko 4 baserritarrek Durangaldeko baserriko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera zabalduko dute. Ondoko ekoizkinak izango dira salgai azokan: behi-gazta, baserriko ogia, euskal pastela, gozokiak, taloa, sagardoa, txakolina, garagardoa eta kontserbak.

Aurten ere erosketak jagoteko zaindegi edo kontsigna zerbitzua egongo da. Azokazaleek erosketak zaindegi batean gorde ahalko dituzte azoka giroaz gozatzeko, eta etxera joateko momentuan, erosketak jaso ahalko dituzte hasieran hartutako tiketa erakutsita. Azokagune osoan, erosketak kontsignara eramateko laguntzaileak egongo dira.

Zerbitzua erabiltzen duten erabiltzaile guztien artean, Durangaldeko ekoizleen produktuen otzara bat zozkatuko da. Zozketaren irabazleak, Durangaldeko ekoizleen “ETARTIE” dendan jasoko du otzara baserritar baten eskutik.

Apirilaren 2an egingo den Garaiko IX. Landara eta Lorazaintza azoka zabalik egongo da goizeko 10etatik 15:00ak arte.

Azokako guneak musika doinuz alaituko dira eta, horrez gain, Garaira hurbiltzen den jendearentzat gune aproposa egokituko da eguna igarotzeko. Guztira, 18 dira herrira hurbilduko diren ekoizle, artisau, zein landare edo lorezaintza enpresak euren produktuak zuzenean saltzeko, besteak beste:

  • 12 landare/lore enpresa: lorategi, lore apaingarriak, fruta landareak, ortuko landarak, fruitu txikien landareak…
  • Lanabes enpresa bat: makinak, eskuko lanabesak.
  • Egurra eta loreak uztartzen dituen artisaua.
  • Txakolin eta sagardo ekoizlea. Talo postua
  • Okin eta gozogilea
  • Kontserbak eta garagardo ekoizlea

Garaiko Udalak eta Urkiola Landa Garapeneko Alkarteak aipamen berezia egin nahi die antolakuntza aurrera eroaten lan eskerga egin eta egiten duten eragile guztiei: San Miguel Garaiko Nagusiei, udalaren lantaldeari eta herriko boluntarioei, aurreko egunetan eta, bereziki, egun horretan egiten duten lanagatik.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Disponible para Amazon Prime