dotb Durangaldeko Telebista

Garaiko Elizabarri elizako harmoniuma zaharberritu dute

Eraberritze lanak Alejandro Turanzasen organeroen tailerrak egin ditu eta haren doinuak gaurko San Anton mezan entzungo dira

Lazaro Milikua, Iñigo Alberdi, Erramun Osa eta Alejandro Turanzas.

GARAI | 2023ko udaberrian Valentin Zubiaurre musikari eta konpositore ospetsuaren obra berreskuratu zuen Bilboko Koral Elkarteak eta Elizabarri elizan bira amaierako kontzertua izan zen. Orduan, Iñigo Alberdi Bilboko Koral Elkarteko gerenteak bertan zegoen harmonium zaharra ikusi zuen eta Udalak babestu duen azken hilabeteetako zaharberritze prozesua eta gero, musika tresna berriro entzungo da. “Behin baino gehiagotan, gure kezka izaten da gure herri ondare historikoa berreskuratzeko ahaleginak egitea. Musika tresna honek hamarkadak eman ditu Elizabarriko koruan eta oso egoera txarrean zegoen. Orain berriro etorri da bere etxera; herriari bueltatu diogu herriaren zen altxor bat”, adierazi du Erramun Osa Garaiko alkateak.

Eraberritze lanak Alejandro Turanzasen organeroen tailerrak egin ditu eta 125 lan-ordu behar izan ditu Parisko Christophe & Etienne etxeko harmoniuma berriz ere martxan jartzeko.  “XIX. mendeko 80ko hamarkadakoa da, hau da, 1885ean egindakoa dela esan genezake. Beraz, ia 140 urte ditu instrumentuak, eta, logikoa denez, zaharberritze falta handia zuen, baina ordezkatu behar izan den piezaren bat kenduta, esan dezakegu harmonioa jatorrizko egoeran dagoela”, laburbildu du Alejandro Turanzas organogileak.

Gaur, enkantea

Eta nola ez, egun berezia aukeratu dute udaleko ordezkariek berriro ere harmoniuma entzuteko. Izan ere tradizioa jarraituz, San Antonen omenez, gaur, baserrietako produktuekin egin ohi den enkantea aprobetxatuko da harmoniuma entzuteko, Iñigo Alberdiren eskutik.

Erramun Osa, Lazaro Milikua, Alejandro Turanzas eta Iñigo Alberdik zaharberritze prozesuaren nondik norakoak azaldu dituzte.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.