Lehen lehiaketa publikora eskaintza bakarra aurkeztu zen baina ez zituen betetzen baldintza-agirian ezarritako eskakizun guztiak
GARAI | Egun indarrean dagoen kontratua 2020ko maiatzaren amaieran izenpetu zen. Hori horrela, 2024ko maiatzean, kontratuaren indarraldia amaitzen denez gero, araubideak agintzen duena betez, Garaiko Udalak Herriko Tabernaren kudeaketaren lehiaketa publikoa argitaratu zuen. Eskaintzak aurkezteko epea otsailaren 5ean amaitu zen. Otsailaren 9an bildutako Kontratazio Mahaiak jasotako eskaintza bakarra aztertu eta Herriko Tabernaren kudeaketa esleitu barik uztea erabaki zuen, aurkeztutako eskaintzak ez zituelako baldintza-agiriko eskakizun guztiak betetzen. Horren ondorioz, Garaiko Udalak berriro abiarazi behar izan du prozedura. Hala, otsailaren 19an eginiko Osoko Bilkuran, udalbatzak aho batez onetsi zuen baldintza-agiri berri.
Aurrekoarekin alderatuta, baldintza-agiri berriak berrikuntza batzuk dakartza. Batetik, eskaintzak aurkezteko epea luzatu da, 20 egunetik 45 egunera. Era berean, esleipendunak ordaindu beharreko gutxieneko errenta 1.400 euro izango da, hau da, lehen baino 100 euro gutxiago. Eskaintza egiten duenak zenbateko hori gaindi dezake eta puntu gehiago lortu. Halaber, kontratuaren iraupen-aldia luzatu da, hiru urte izatetik lau izatera igarota eta beste urte batez luzatzeko aukera emanda.
Lehiaketa publikoaren beste aldagai bat Herriko Tabernako taberna zerbitzua urte osoan zabalik edukitzeari buruzkoa da. Garaiko Udalak zerbitzua hobetzeko neurriekin batera, taberna-zerbitzua urte osoan zabalik egotea lehenetsi du. Alabaina, aurreko agiriarekin alderatuta, esleipendunak abuztuaren 2. eta/edo 3. asteetan zarratzeko aukera izango du. Zabalik edukitzeko konpromisoa hartzen duenak puntu gehiago izango ditu lehiaketa publikoan. Gai hori garrantzi handikoa da. Batetik, azpiegitura publikoa denez gero, herritarrei elkartzeko eta elkarrekin egoteko gunea eskaini nahi dielako udalak. Eta bestetik, herrian taberna bakarra dagoela eta bestelako zerbitzurik ez dagoela kontuan hartuta, zerbitzu horri eutsi eta herriko giroa indartu gura dira.
Interesdunek Garaiko udaletxera jo dezakete informazio bila. Era berean, nahi duenak, baldintzen dokumentua euskarri digitalean eskuratzea dauka. Eskaintzak euskarri digitalean aurkeztu behar dira, Euskadiko kontratazio plataforma erabiliz.
Tamalgarria da erakunde publiko batek, udal batek bezala, urte osoan taberna/jatetxe bat ireki behar izatea, oporraldirik gabe. Garai esklabista bezalakoa da, eta negozio baten ardura hartuko duten pertsona/familiekiko errespetu gutxikoa. Ez da praktika ona, eta harrigarria da udal batetik etortzea, administrazio publikoa baita eta langileen eskubideak kontuan hartu beharko lituzke. XXI. mendean gaude. Nahasmen pixka bat ere badago negozio baten eta lokal sozial baten artean.
Emakidaren xedea taberna/jatetxea da eta ez lokal soziala. Nahiko pobrea da, ideologiaren eta kudeaketaren ikuspuntutik, taberna/jatetxe baten bidez herri baten bizitza dinamizatzen saiatzea. Badira beste bide batzuk, eta egokiagoak dira. Azken batean, tamalgarria da gure administrazioei horrelako proposamenak egiteko aukera ematea. Ez du ondo hitz egiten gutaz herritar gisa.