24 artisau eta sortzailek beraien sormen eta presentziaz beteko dute txoko hau

DURANGO | Ekainaren 11an Elorrion Artisau eta Sortzaileen azoka ospatuko dute Urarka kalean.
Azoka berezia izango da, 7 urtez etenaldi gabe antolatu dutena.
Eixu Artisau Elkarteak 7 urtez herrietako bazterrak kulturaz betetzen aritu da eta oraingoan ez da gutxiago izango. Elorrion, hain ezaguna den Urarkako VII. Azoka antolatzen ari dira azken hilabeteetan. 2017 urtetik, etenaldi gabe, urtez urte ospatu den azoka.
Mimo handiz prestatutako azoka izanog da igande honetan Urarka kalean ospatuko dena. 24 artisau eta sortzailek beraien sormen eta presentziaz beteko dute Elorrioko txoko hau, zuzenean egiten dituzten lanak ikusi eta eskuratzeko aukera egongo da, artisaua eta sormen prozesua zuzenean ezagutzeko aukera ezin hobea. «Kalitatezko azoka anitza izango da, non zeramikagileak, ilustratzaileak, diseinatzaileak, bitxigileak, ehungintza, larrugintza…. izango den. Aretxabaletatik Iker izango dugu goiz guztian zehar forja erakustaldia egiten; suarekin metalaren formaren eraldatze prozesua ikusteko aukera paregabea», azaldu dute antolatzaileek.
Eixuko azoketan umeentzako espazioak beti du lekua, adierazpen eta jolaserako txoko lasai bat izango dute Urarkako plazan. Bertan Hosi Sound Maker zuzenean musika sortzen arituko da, bere arte sonoro esperimentala publikoarekin partekatuz, gorputzak eta objektuekin jolastuz soinuak sortuz. Plaza honetan, gure belarriak gozatzeaz gain, gure ahoa eta sabela Euskal Herriko talo zaporetsuekin betetzeko aukera izango da.