[dotb.eus] Mankomunitateak Euskaraldiaren bigarren edizioarekin bat egiteko deia luzatu dio zerbitzu sektoreari

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra luzatuko den gizarte arloko ekimena da
Merkatari elkarteak eta hainbat establezimendutako ordezkariak Durangaldeko Mankomunitateko egoitzan elkartu ziren deia luzatzeko

DURANGALDEA.- Durangaldeko Mankomunitateak dei berezia egin die enpresei, eta batez ere merkataritza eta zerbitzu arloetako establezimenduei, Euskaraldiaren bigarren edizioarekin bat egin dezaten. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra luzatuko den gizarte arloko ekimena da. 15 egun horietako helburua, eremu guztietan euskararen erabilera handitzea da.

Orain arte, tokiko batzordeek eskualdeko 106 erakunderen bat egitea lortu dute, baina merkataritzaren eta zerbitzu sektoreren partaidetza azpimarragarria lortu gura da, herritarren harremanetarako espazio garrantzitsuak direlako eta, ondorioz, bertako profesionalak funtsezko eragileak direlako hizkuntzarekin erlazionatutako ohiturak aldatzeko orduan.

Helburua, eskualdeko merkataritza eta zerbitzu jardueren partaidetza berezia lortzea da. Hori dela eta, Mankomunitateak bigarren edizio honetan parte hartzera eta irailaren 27a baino lehen izena ematera animatu du sektore osoa. Izan ere, hizkuntza ohituren aldaketan merkataritza inplikatzea oso garrantzitsua eta beharrezkoa da, harreman zuzena duelako herritarrekin.

Alde horretatik, eta Covid-19aren pandemiak sortutako krisi ekonomikoaren egoeraz jabetuta, Durangaldeko Mankomunitateak esker on berezia helarazi die Euskaraldiaren bigarren edizio honetan parte hartuko duten erakunde guztiei, hain une zailean euskararen alde egindako ahalegin erantsi horrengatik.

Aurten, erakundearen barruan Euskaraldian parte hartzeko bi modu egongo dira. Batetik, euskaraz hitz egiteko ariguneak sortuko dira, eta ahobizi eta belarriprest moduan parte hartuko den arren, ariketa modu kolektiboan egingo da. Eta, bestetik, ariguneetan egon ezin diren kideak daude, eta, iaz bezala, banaka hartuko dute parte belarriprest eta ahobizi rolekin.

Arigune bat duten era guztietako erakundeek (erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kooperatibak, kultur eta kirol elkarteak, etab) parte hartu ahal izango dute. Gune horiek uneoro bermatuko dute euskaraz berba egiteko aukera, erakundearen barruan edo herritarrekin duten harremanean. Helburu nagusia erakunde horien barne eta kanpo harremanetan euskararen erabilera areagotzea da.

Informazioa behar edo Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartu gura duten erakundeek Durangaldeko Mankomunitateko Euskara Zerbitzura jo dezakete (946278640 / euskara.mdurango@bizkaia.org), eta baita udalerri bakoitzera ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.