Traña-Matienatik, 19:18ak aldera sartuko da, Zelaietatik igaroko da berriro 21:24ak aldera eta Urkiolatik 23:30ak inguruan

ABADIÑO | Eguenean Irunen hasi zen Korrikaren 23. edizioa barikuan, hilaren 22an, sartuko da Abadiñon Traña-Matienatik, 19:18ak aldera, euskararen aldeko proposamenarekin. Zelaietatik igaroko da berriro 21:24ak aldera eta Urkiolatik 23:30ak inguruan. Udalak ekintzak antolatu ditu arratsalde osoan eta gau osoan, herritik igaroko den Korrika animatzeko.
Hilaren 22ko programazio berezia 16:30ean hasiko da txikientzako askariarekin, eta Iluntze Dantza Taldeak eta Street Danceko eskola-taldeak Traña Plazan (euria egiten badu eskoletako aterpean) eskainiko duten dantza-alardearekin. Behin Korrika Traña- Matienatik igarota, programazioa Zelaietako Txanporta plazara aldatuko da (euria egiten badu Probalekuan).
Horrela, 20:00etan hanburgesak banatuko dira. Txartelak (3 euro) martxoaren 18tik aurrera erosi ahal izango dira Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan. Arratsaldea girotzeko, 20:00etatik 21:00etara, eta Korrika igaro ondoren, 22:00etatik 23:30era erromeria izango da Eingo Taldearekin. Aurreikusten denez, lasterketa 23:34ak aldera iritsiko da Urkiolara.


