dotb Durangaldeko Telebista

Saioa, Ixone eta Maider, irabazle estatuan Europako Estatistika txapelketan

Orain IES Fray Juan de Zumarraga-Durango BHI institutuko neskek azken fasean hartuko dute parte

Saioa Garrido, Ixone Sesma, Maider Egiraun eta euren tutorea Unai Mendiguren

DURANGO | Urtero-urtero antolatzen den Europa-mailako estatistika txapelketa honetan (European Statistics Competition –ESC), Durangoko Fray Juan de Zumarragako insitutuko 4. DBHko hiru ikasleak gailendu dira Espainiako beste institutu guztien gainetik. Txapelketak hainbat fase ditu eta parte-hartzaileek erronka desberdinei aurre egin behar izan diete: oinarrizko ezagutza estatistikoen inguruko azterketa bat; estatistika-iturri ofizialetan informazioa topatzeko probatxo bat; txosten estatistikoak interpretatzeko galdetegi bat; eta, datu multzo batzuetatik abiatuta, estatistika ezberdinez bideratutako prentsa-ohar bat prestatzea.

Gauzak horrela, martxoaren 17an jakin zituzten lan horiek guztiak ebaluatu eta gero, IES Fray Juan de Zumarraga-Durango BHI institutuko neskak estatu mailako txapeldunak bilakatu direla, Bartzelonako Escola Cultural, Gipuzkoako IES Oñati BHI, Palentziako IES Jorge Manrique eta Malagako Colegio Salliver institutuen aurretik.

Saioa Garridok, Ixone Sesmak, Maider Egiraunek eta euren tutorea izan den Unai Mendiguren irakasleak, hortaz, sari hauek jasoko dituzte aurrerantzean egingo den sari banaketan: tutorearentzat, 300 euroko opari-txartela, estatistika-argitalpen sorta, promoziomateriala eta diploma; eta, ikasle bakoitzarentzat, 100 euroko opari-txartela, estatistikaargitalpen sorta, promozio-materiala eta diploma bana.

Orain, bideo bat sortu beharko dute Europa mailan lehiatzeko, eta  institutuko hainbat mintegiren laguntza jasoko dute. Euskara-mintegiaren laguntza (bideoa euskaraz egitea erabaki dutelako); Ingelesa-mintegiarena (ingelesez idatzitako azpitituluak gaineratu beharko dizkiotelako); Marrazketa- eta Teknologia-mintegiena (bideoaren ekoizpenerako); eta, noski, Matematika-mintegiarena (lanketa estatistikoan aholkatzeko). «Eremu ezberdinak uztartzeko aukera politagorik?
Europako txapeldun bilakatuko ahal dira!», azaldu dute institututik.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.