dotb Durangaldeko Telebista

Sortzaileek euskarazko 18 proposamen plazaratuko dituzte DA! PRO topaketan

Azaroaren 26an eta 27an garatuko da eta Sortzaileen hautaketa eginda, programatzaileek izena emateko txanda dator orain

Azaroaren 26an eta 27an garatuko da

DURANGO | DA! PRO topaketaren seigarren edizioa helduko da azaroaren 26an eta 27an, Durangoko Azokaren atarian. Musika eta familia ikuskizunak eskaintzen dituzten sektoreko sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen arteko elkargunea izango da, aurrez aurre ezagutu eta etorkizunerako lankidetza aukerak bultzatzeko. Bertan parte hartuko duten sortzaileen hautaketa egin dute antolatzaileek, eta azaroaren 11tik 22ra bitartean, programatzaileek eman ahalko dute izena, durangokoazoka.eus atariko izen-emateen atalean. Deialdi hori zabaldu dute atzo Bilboko BBK Salan eginiko prentsaurrekoan. BBK Fundazioa da ekimenaren babesle nagusia, eta Musika Bulegoak, Berbaro elkarteak eta Bizenta Mogel bibliotekak ere lagunduko dute.

Topaketan, euskaraz jarduten duten sortzaileak egongo dira euren proposamenak aurkezten. Aurrean, ikusten eta aztertzen, ekitaldiak programatu behar izaten dituzten kultur zein euskara teknikariak, liburutegietako dinamizatzaileak eta jai antolatzaileak egongo dira. Zuzeneko harreman horren bidez helburu bi lortu gura dituzte DA! PRO topaketaren bultzatzaileek: kulturgileen lana Euskal Herrian zehar hedatzea eta kultur programazioa euskarazko ekitaldiekin hornitzea. Izan ere, Durangoko Azokaren aurtengo lemak dioen bezala, hartzea ematea da, eta kulturaren zabalpenak hainbat balio ditu; kultura jasotzea gizarteari bueltan ematea da, eta euskara indartzeko bide bat ere bai. Hain zuzen, kultura herritarrengana ailegatzeko lan garrantzitsua egiten dute porgramatzaile eta teknikariek, eta horregatik, gaurkoan eurei begira egin dute deialdia.

Azaroaren 26an familia ikuskizunak plazaratuko dituzte Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan, eta zortzi proposamenek izango dute lekua: Ene Kantak, Gora Musika, Gookapi, Hutsun txalaparta, Komorebi produkzioak, Laura Penagos, Loa eta Laia eta Marramiau sorkuntza taldea.

Hurrengo egunean musika proiektuen txanda izango da, Plateruena aretoan; 27 talde eta bakarlarik eman zuten izena, eta horietatik hamar aukeratu dituzte antolatzaileek: Albina Stardust, Aria, Eider, Erromintxelak, Heriotz, Kai Nakai, Karena, Mikel Urretagoiena, Trigger eta Zilibito records.

Hala ere, izena eman duten guztien proposamenak katalogo bitan txertatuko dira, eta programatzaileei helaraziko zaizkie, urtean zehar ekitaldiak antolatzerakoan lagungarri izan daitezen.
Amorebieta-Etxanon kontzertua Urtarrilaren 25ean MusikaGaz Fest jaialdiaren hirugarren edizioa antolatuko du Amorebieta-Etxanoko Udalak, eta eguneko egitaraua DA! PRO topaketako proposamenekin osatuko du. Beraz, hilaren 27ko aurkezpenean parte hartuko duten musikariek hautaketa horretan egoteko aukera edukiko dute.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.