Mintzapraktika ongi pasatuz euskara praktikatzeko ezagutzen duten aukerarik onena dela diote parte hartzaileek

ZALDIBAR| Zaldibarko Berbalagunak urtarrilaren zehar izena emateko aukera jarri du martxan. Mintzapraktika ongi pasatuz euskara praktikatzeko ezagutzen duten aukerarik onena dela diote parte hartzaileek. Laguntasuna eta babesa transmititzen dituen jendez inguratuta, konfiantzan aritzen dira euskaraz elkarrekin, eta euskaraz egiteko ohitura hori inguruko jendearengana zabaltzen dute, hizkuntza hautuetan eraginez.
Astean behin elkartzen dira talde txikitan euskaraz aritzeko: bidelariak (euskaraz ikasten ari direnak edo ohitura berreskuratu nahi dutenak hizkuntza praktikatuz) eta bidelagunak (euskara aise erabiltzen dutenak dira eta ikasten ari direnei euskaraz praktikatzen laguntzeko borondatez izena ematen dute).
Zaldibarren, Mintzapraktikan aritzen diren hiru talde daude. Goizez biltzen den taldea astearteetan 9:30ean, eta arratsaldeko bi talde, bata asteazkenetan 18:15ean eta bestea ostegunetan 16:15ean. Talde hauetaz gain, izen emate berriak egon ahala, berriak ere sortu daitezke.
«Egun hauetaz gain ekintza osagarriak ere egiten ditugu. Ikasturte honetan mahai jolasak egin ditugu, haur eta gurasoentzat, eta Mintzapraktika egiten dugunon artean afari merienda bat urteari bukaera emateko. Ekainera bitartean ekintza gehiago ere egingo ditugu, besteak beste, “Zaldibar ezagutzen” mendi irteera, …» azaldu dute parte-hartzaileek.
IZENA EMATEKO LAU AUKERA
Urtarrilean izena emateko aukera hauek dira:
– 688722989 (whatsapp bidez)
– zaldibarkoberbalaguna@gmail.com
– labur.eus/zaldibarkoberbalaguna
– Udaletxe edo liburutegian dauden esku orrien bidez.