dotb Durangaldeko Telebista

Zornotzarrek zabalik dute euskaltegietako eta barnetegiko matrikulazio kanpaina

Amaia Aurrekoetxea Euskara Zinegotziak azaldu du Udalak egunero diharduela euskararen alde lanean, eta gogoratu du ikastaroetarako diru-laguntzak eskuratu daitezkeela

Gaur aurkeztu da kurtso berria Zornotzan

AMOREBIETA-ETXANO.- Herritarrek zabalik dute 2021-2022 ikasturtean euskara ikasteko matrikulazio kanpaina. Udalak 2015-2016 ikasturtean hasitako bideari jarraipena eman, eta agerraldia egin du gaur euskararen irakaskuntzan diharduten erakunde guztien laguntzarekin. Amaia Aurrekoetxea Irigoras Euskara Zinegotziak aurkezpenean azaldu duen moduan, Amorebieta-Etxanoko Udalak egunero dihardu lanean euskararen erabilera eta ikaskuntza sustatzeko: «euskararekiko dugun konpromisoari erantzunez, matrikulazio kanpainaren berri emateko elkartu gara hemen»

Ikasturte berrian euskara ikasteko helburuarekin, hobetzekoarekin edo tituluren bat ateratzeko asmoarekin diren zornotzarrek, beraz,  aukera zabala dute herrian bertan: Udal Euskaltegia, AEK Euskaltegia eta Zornotzako Barnetegia dituzte. Prentsaurrekoan, Aurrekoetxeak goraipatu egin nahi izan du erakunde hauek guztiak Covid-19aren ondorioz euskara irakasten jarraitzeko egiten ari diren saiakera berezia: «euskararen irakaskuntzan ari diren guztien lana jarri nahi dut balioan, eta eskerrak eman nahi dizkiet, bereziki, ez ohikoa den egoera honetan ikasleei erantzuteko egin behar izan duten ahaleginagatik, eta hemendik aurrera egin beharko dutenagatik». 

Ikastaroak, Udal Euskaltegian

Udal Euskaltegiak ikasturte berrirako duen eskaintza Begoña Begiristain Basterretxeak azaldu du, urritik Zornotzako Udal Euskaltegiko Zinegotzi izango denak. Begiristainek adierazi duen moduan, Udal Euskaltegiak behar guztietara egokitutako eskaintza zabala prestatu du ikasturte berrirako: «batetik ohiko taldeak edo talde arruntak ditugu: astean sei orduko ikastaroak dira, astelehenetik ostegunera izaten dira, eta eguneko saioa ordu eta erdikoa izaten da». Ikastaro bereziak ere eskaintzen dituztela azaldu du Begiristainek, nagusi, guraso, ostalari etab. zuzendutakoak. AISA taldeen berri ere eman du, etorkinentzako zuzendutako ikastaroak dira hauek. Horiez gain, udan ere euskara ikasteko aukera eskaintzen dutela azaldu du: «ikastaro trinkoak izaten dira, hilabetekoak». Covid-19a dela eta plaza mugatuak izan daitezkeela ere gogoratu du Begiristaineak «oraindik ebazpenik ez badago ere, gerta daiteke plaza mugatuak eskaini behar izatea. Hala ere, prest gaude aurre egiteko».

Izen ematea

Irailaren 1etik 21a arte

Irailaren 22an ikasle berrientzako sarrera probak

94 673 20 26

euskaltegia@amorebieta.eus

 

Ikastaroak aurrez aurre eta online, AEK Euskaltegian

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.