dotb Durangaldeko Telebista

Abadiñok 13 eta 16 urte bitarteko gazteentzako udako jarduerak eskainiko ditu euskaraz

Tirolina, paint ball-a, surf-a, graffiti tailerra edo argazki lehiaketa izango dira proposamen batzuk

Fotografia de Bakio FOTO: Victor Uriarte

ABADIÑO | Gazteria Sailak jardueraz betetako “Gazte Uda” programa diseinatu du ekainerako eta uztailerako euskaraz, 13 eta 16 urte bitarteko gazteentzat –2006 eta 2009 artean jaiotakoentzat– batez ere. Proposamenetako batzuk graffiti tailerra, argazki lehiaketa edo tirolina, paint ball-a edo surfa praktikatzeko irteerak dira, eta Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan edo udalaren webgunearen bidez (Zerbitzuak – Gazteria – Gazte Uda 2022) eman ahal izango da izena ekainaren 22ra arte  

Programa honen bitartez Abadiñoko Udalak aisialdi osasungarria eskaini gura du, euskaraz eta adin talde horren gustuen arabera. Graffiti tailerra hilaren 28an egingo da Traña-Matienan, baina jarduera gehienak uztailean egingo dira; horietako asko egun bateko irteerak izango dira tirolina eta arku tiraketa (Otxandio), paint ball-a (Galarreta), surf-a (Lekeitio) praktikatzeko edo kanoan ibilbide bat egiteko (Urdaibai) edo Abentura Park batera joateko (Mendexa). Gainera, uztailaren 20an, Zelaietako San Trokaz plazan zirku tailerra eta argazki lehiaketa antolatu dira.  

Proposamen guztiak doakoak dira. Egun osoko jardueretarako edukiera mugatua denez, eskaintza gaindituz gero, zozketa bidez esleituko dira. Egun bateko irteera horiek aisialdiko eta denbora libreko pakete bakarra osatzen dute, eta, beraz, bertan izena emateak programatutako jarduera guztietara joatea dakar. Joaneko bidaia autobusez egingo da goizean Zelaietatik (Bizkaibus geltokia, 9:15) eta Traña-Matienako eskoletatik 9:30ean, eta itzulera arratsaldean izango da, 17:45 aldera.  

“Helburua aisialdiko eta denbora libreko hainbat aukera eskaintzea da, udalerriko gazteen gustu eta lehentasunetara ahalik eta gehien egokituta. Gure agintaldiko planean, kultura- eta aisialdi-jarduera dinamizatzeko konpromisoa hartu genuen, alternatiba osasungarri eta interesgarriak eta aisialdia euskaraz bizitzeko aukerak eskaintzeko”, azaldu du Argi Abad Kultura eta Gazteriako zinegotziak. 

ARGAZKI LEHIAKETA | Jarduera horiez gain, Gazteria Sailak argazki-lehiaketa bat antolatu du. Lehiaketa horretara 13 eta 16 urte bitarteko gazteak aurkez daitezke, eta gaia Abadiñoko gazteen bizitza izango da: zelan bizi diren, euren herria zelan ikusten duten. Deialdiaren oinarri guztiak eta izena emateko eta argazkiak igotzeko gunea erabilgarri daude jadanik udalaren webgunean (Zerbitzuak – Gazteria – Gazte Uda 2022). Argazkiak aurkezteko epea uztailaren 4an amaituko da eta sari banaketa uztailaren 7an izango da, 12:00etan, Errota Kultur Etxean. 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.