Bonoak ezingo dira tabako eta loterian erabili, alkoholean bai


ABADIÑO.- Guztira 100.000 euro bideratuko dira herritarren artean bonoak banatzeko, eta gobernuaren zirriborroari EH Bilduk egin dizkion ekarpenei esker, «aldatu egin dira banatzeko modua zein diruz lagunduko diren gastuak».
«Horrela, langabetuentzako 30 euroko bina bono proposatu zituen gobernuak, EH Bilduk 40 eurokoak. 65 urtetik gorakoentzako, 20 eurotik 30era igotzea eskatu genuen. Gainontzekoentzat 10 eurokoak proposatu zituzten, guk aldiz 5ekoak», azaldu dute.
Hasiera batean gainera, dirua tabakoan, loterian zein alkoholean gastatu ahal izatea ahalbidetzen zuen zirriborroak, baina EH Bildutik eskatu zuen gastu horiek diruz ez laguntzea. «Bonoen zenbatekoak guk proposatutakoak izango dira azkenean eta ezingo da tabako zein loterian erabili, alkoholean bai ordea», gehitu dute.
EH Bilduren esanetan, «bonoez haratago, Covid-19aren ondorioei aurre egiteko beharrezkoa da gure herrian plangintza integral bat garatzea. EH Bildutik horretarako proposamen eta eskariak egin arren, oraindik ere udaletxean ez dugu horrelakorik».




