Udalak Haur eta nerabeentzat bestelako ekintzak aztertzen ari da

ELORRIO.- COVID-19k sortutako egoeraren ondorioz, ohiko moduan antolatzeko berme nahikorik ez dagoela eta, aurtengo udalekuak bertan behera utzi behar izan ditu Elorrioko Udalak, halabeharrez. Erabaki horren oinarria, batez ere, adingabeen segurtasuna bermatzea eta COVID-19 elkarri kutsatzea saihestea izan dira. Hala ere, udala jakitun da etxealdi eta isolamendu honek gehien kaltetu dituen kolektiboetako bat dela haur eta nerabeena, eta horregatik uste du ezin dela jarduera hori “bertan behera utzi” besterik gabe.
Hori dela eta, udaleku irekiak antolatzeko ardura duen enpresarekin, Berbarorekin, harremanetan dago Udala ordezko eguneko ekintzen egitarau posible bat prestatzeko haur eta nerabeentzat. “Ez da erabaki erraza izan, badakigulako zer garrantzitsua den ekintza hori familia askorentzat. Hori dela eta, ordezko aukerak aztertzen ari gara” adierazi du, Maria Herrero, alkateordeak.