‘Sukalde bat jantokian, bertoko eta sasoiko produktuekin ‘ izenburua du abestiak

DURANGALDEA.- Durangaldeko Berton Bertokoa ekimenak bideoklip bat aurkeztu du, eskola publikoetan bertoko eta sasoiko produktuak sukaldatu daitezen aldarrikatuz eta sukaldea ez duten eskoletan ere jartzearen aldeko aldarrikapena eginez.
Jakinekoa den bezala, kontsumitzen diren tokian sukaldatutako jakiak dira propietate guztiak mantentzen dituzten bakarrak. Sasoikoak eta bertakoak diren produktuak dira osasungarrienak, bai norbanakoentzat eta baita inguruarentzat. Helburu honekin, Durangaldeko 9 eskola eta institutu batek bi urte daramatzate eredu honen alde lanean.
Aurkeztutako bideoklipa eskola komunitate osoaren babesa izan du. Horretarako familia eta ikastetxeez gain hainbat laguntzaile izan dituzte: Miren Amurizak abestiaren letra egin du, Txapito Guzman taldeak musika jarri du eta grabaketa eta muntaia Zirriborro produkzioaren esku geratu da. Grabaketak, Atxondo, Abadiño, Elorrio, Berriz, Zaldibar, Iurreta eta Durangoko Zabalarra eskolan egin dira martxoan zehar.
Ekimen hau bultzatuz, Durangaldeko ikastetxeetako gurasoak hilero biltzen dira, ideiak elkar trukatu eta gaur egun jantokietan dagoen eredua aldatzeko lanean. Hauetaz gain, guraso elkarteak, eskola kontseilu erakunde sindikalak, gizarte erakundeak, politikoak, sukaldariak, eta bertako ekoizleak ekimen honetara atxikitu dira.
Ikasturte honetarako helburuetako bat, garaiko eta bertako produktuak eskolako menuetan jartzea da. Eurest eta Ausolan catering enpresei, aste santutik aurrera eta ikasturte bukaerararte menuetan, astean behin gutxienez, garaikoa eta bertakoa den produktua sar dezaten eskatu zaie. Sukalderik ez duten eskolek, honetarako aukerarik ere ez daukate.
Beste helburuetariko bat, sukalderik ez duten eskoletan, beharrezkoak diren tramiteak Hezkuntza saila eta udalekin bideratzea da. Zabalarra, Atxondo, Zaldibar eta Orobigoitia institutuak ez dute sukalderik.
Berton Bertoko taldeak, Hezkuntza sailan eskaera erregistratu du jada. Idatzian hiru eskaera luzatzen dizkiogu hezkuntza sailari. Lehenik, Durangaldeko ikastetxe publikoetan bertako eta sasoiko produktuak sukaldatuak izan ahal izateko proiektua bat onartu dezala. Bigarrenik sukaldea ez daukaten eta Berton Bertokora atxikitu diren ikastetxe publikoetan (Zabalarrako eskola, Zaldibarko eskola, Atxondoko eskola eta Juan Orobiogoitia Institutoan) sukaldea ipini dezala. Azkenik, abenduan lege biltzarrean, jangelen gaia lantzeko sortu zen batzordean parte hartzea. Lehengo bi gaiak jorratzeko, bilera bat eskatu diogu Hezkuntza sailari.
PARTEHARTZE AKTIBOA
Berton bertokoa ekimenak lanean jarraitzen du. Antzerakoak diren beste ekimen batzuekin batera; Gure Platera Gure Aukera adibidez, Eusko Jaurlaritzak antolaturiko eskola jantokiei buruzko mahaian parte hartzera gonbidatua izan da. Honetaz gain, eskualdean antzerako mahai bat osatzeko asmoz, Urkiola Landa Garapena agentziarekin lanean dihardu.
LAPIKOKADA GEHIAGO
Berton Bertokoak sentsibilizazioan oinarritu ditu bere ekintzak. Horrekin jarraituz, Maiatzaren 28ko astean zehar bertako produktuen kontsumoa bultzatzeko ekintzak egingo ditu eskoletan.
Urtarokako buletina, pasa den ekainean Abadiñon egindako jaia, familiei eskoletako menua probatzeko aukera, sukaldaritza ikastaroak, hitzaldiak, etab… Berton Bertokotik aldaketaren aldeko ilusio eta gogoen adierazle dira.
[embedyt] https://www.youtube.com/watch?v=RPwqEDJPtJU[/embedyt]