[dotb.eus] [bideoa] Berdintasuna eta pentsamendu askatasuna aldarrikatu da gaur Merinalde Egunean

“Merinalde Eguna” ospatu da Gerediaga Elkartea, Bizkaiko Batzar Nagusien eta Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren eskutik
Bertan egon diren alkateek sinatu dute manifestua. ARGAZKIA: dotb.eus

DURANGALDEA.- Gaur goizean Durango Merinaldeko udaletako alkateek berdintasuna eta pentsamendu askatasunaren aldeko manifestua sinatu dute Gerediagan “Merinalde Eguna”ren ospakizunean.

Gerediaga Elkartea, Bizkaiko Batzar Nagusien eta Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren eskutik ospatu da Gerediagako Batzarretxean.

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak Merinaldearen Egunaren ospakizunean hartu du parte, orain 400 urte, eskualdeko agintariek, sorginak ei zirala eta, hainbat emakumeri ezarritako zigorrak gogoratuz. “Hemen batutako Durangaldeko Batzarrak eta Gernikako Arbolaren azpian alkartutako Bizkaiko Batzarrak, Logroñotik edo Madrildik etorritako inkisidoreak eurak baino gogorragoak izan ziran ustezko sorgin hareekaz”, azaldu du Otaduik bertara joan diran agintarien aurrean.

Gaur sinatu dan adierazpenak jasoten duen, eta narratzaile gisa aritu dan Maite Arresek esan duen moduan, aurten 400 urte beteten dira, sorginkeria zala eta Astolako kartzelan atxilotuta zeuden azkenengo emakumeak libre utzi ziranetik. Urtebete lehenago, Durangoko Merinaldeko leialek (alkateek), Gerediagako Batzarretxean alkartuta, “sorginak” jazarteko erabakia hartu zuten, Alonso Salazar y Frias inkisidoreak Zugarramuriko epaiketen ostean egin zuen txostenak esaten ebana baztertuta. Txosten horretan adierazten zutenez, sorginkeria, kulturarik gabeko gizartearen mitoen eta bildurren ondorioa baino ez zen. Gertakizun horien ikerketa lanak Jon Irazabal historiagileak, Historias de mujeres, clérigos y legos en las “Tierras de Durango” liburuxkaren egileak, egin ditu.

Ekitaldia Basurtuko Beti Jai Alai neska dantzarien ekitaldiagaz hasi da, musikaren doinuakaz Jaurrieta dantzatuz. Horren ostean, baseleiza barruan, Felix Arkarazo durangarrak gidatuta, Batzar Nagusietako Presidenteaz gain, Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak eta Aitor Lopez Durangoko Merinaldeko Mankomunidadeko presidenteak be egin dute berba.

Adierazpenean, orain 400 urte agintariek hartu zituzten erabakiengaitik emakume haien ondorengoei parkamena eskatzeaz gain, Gerediagan elkartu diran agintariek, euren erakundeetan gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren eta pentsamentu, kontzientzia eta sinesmen askatasunaren kontra dauden ekintza guztiak gaitzetsiko dituela zin egin dute.

Sinatu dutenen artean, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea; Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidentea; Aitor Lopez Durangoko Merinaldeko Mankomunidadeko presidentea; Jose Luis Navarro Donaire Abadiñoko alkatea; David Covos Sarraoa Atxondoko alkatea; Idoia Buruaga Barcena Elorrioko alkatea; Gontzal Sarrigoitia Oregi Garaiko alkatea; Iñaki Totorikaguena Sarrionandia Iurretako alkatea; Eva Mª Muñoz Irasuegi Izurtzako alkatea; Igor Agirre Barrientos Mallabiko alkatea; Endika Jaio Bilbao Mañariko alkatea; eta Eneritz Azpitarte Aranzabal Zaldibarko alkatea egon dira.

 

DOTB

Durangaldeko Informazioa eta Albisteak. Información y Noticias de Durangaldea

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *