[dotb.eus] “Durangoko Sorginola Gaztetxean jasandako lapurreta eta kalte jarraituak salatzen ditugu”

  • 13
    Shares
Durangoko Sorginola Gaztetxetik bildalitako gutuna

Sorginolatik bidalitako gutuna

DURANGO.-Haserre gaude, oso haserre. Ez da lehenengo aldia, baina COVID 19-aren ondoriozko salbuespen egoeran gertatzeak are larriagoa egiten du gazteok elkarlanean eraikitakoa lapurtu eta suntsitu izana. Ez da Gaztetxearen edo Asanbladaren kontrako erasoa soilik, Durangoko gazteon eta herri mugimenduaren kontrako erasoa da.

Urte batzuk dira pertsona jakin bat herritik eta herriarentzat sortu zen espazio autogestionatu honetara sartu izan dela, tamaina desberdinetako lapurretak eginez. Aste hauetan, baina, eraso honek beste dimentsio bat hartu du. Dirutza balio duen materiala eta urteetako lanari esker lortutakoa izan da oraingoan desagertu dena: hainbat proiektu martxan jarri ahal izateko fundizio zaharra biziberritzen hasi ginenetik gure eskuekin eta izerdiarekin bost urtez sortutakoa. Baita eraikinaren erabilerarako funtsezkoak diren kable sarea, sukaldeko gailuak, negurako estufak, musika tresnak…

Sorginola ezin da baliatu sistemak ematen dituen babes tresnez eta hori aprobetxatu dute beste behin eraso hau gauzatzeko. Gazteok gazteontzat sortutako espazio hau Durangoko herri mugimenduarekin batera babesten eta eraikitzen dugu egunez egun. Herriaren elkartasuna eta gaztetxea osatzen dugun kideon konpromisoa dira gure defentsarako tresnak.

Sorginolako kideok hau berriro gertatu ez dadin mekanismoak garatzeko eta gaztetxea gune segurutzat izateko konpromiso irmoa dugu. Kontziente gara erronka handia dugula eskuartean eta durangarrei gonbita egiten diegu etorriko diren deialdietara batzeko.

Bizi izan ditugu aurretik egoera zailak, baina irauli ditugu. Beti irauli ditugu. Haserrea antolatzeak indartsuago egiten gaitu, eta proiektu honekiko ilusioak eta beraren parte izan direnen eta garenon elkartasunak aurrera begiratzeko bultzada ematen digu. Gure ilusioa eta elkartasuna lapurtezinak dira. Gora gaztetxeak eta gora Durangoko herri mugimendua!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.