dotb Durangaldeko Telebista

[dotb.eus] EH Bilduk Berriz Mankomunitatean sartzeko erabakia inposatzea leporatu dio EAJri

“Inolako informaziorik eman gabe, ezkutuan eta inprobisazioz egitea”, azaldu dute EH Bildutik

ELORRIO.- EH Bilduk Berriz Mankomunitatera sartzeko prozedura eta erabakiaren inguruko balorazioa egin du gaur Elorrioko udaletxean burututako prentsaurrekoan. Erabakiarekin oso kritiko agertu dira eskualdeko EH Bilduko ordezkariak. EAJri Berrizko sarrera “inolako informaziorik eman gabe, ezkutuan eta inprobisazioz egitea” leporatu diote, eta erabakiak “gizarte zerbitzuetan ondorio larriak” izan ditzakeela ohartarazi dute eta Mankomunitatean erabaki honi ezezko botoa emango diotela aurreratu dute.

Karmen Amezua Berrizko zinegotzia izan da hitza hartzen lehenengoa. Berrizko Udalean izandako informazio eza salatu du, eta gaineratu du erabaki honek Berrizko gizarte zerbitzuetan eragin larria izango duela: «Pandemia baten erdian ezin daiteke gizarte zerbitzuekin jolastu” adierazi du. Gogoratu du EAJ bakarrik geratu dela Berriz Mankomunitatean sartzeko erabakian. “honek argi erakusten du Orland Isoird alkatearen jarrera, informazioa ezkutatuz eta debate publikoa ukatuz.” 

Ane Abantzabalegi Mankomunitateko EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu du EH Bildu ez dagoela Berriz Mankomunitatean sartzearen kontra baina ez dutela ulertzen EAJren jarrera. “Hasieratik esan dugu eztabaidatzeko prest gaudela, baina seriotasunez eta informazio guztia mahai gainean izanda. Zoritxarrez, Mireia Elkoroiribek eta Orland Isoirdek erabakia aurrez hartua zuten beraien bulegoetan eta beraien ideia inposatu dute”. Honen aurrean Abantzabalegik EH Bilduk Mankomunitatean Berrizko sarreraren kontra bozkatuko duela aurreratu du.

Lorea Muñoz eta Idoia Buruaga, Izurtza eta Elorrioko alkateek ere hartu dute hitza. Lorea Muñozek salatu du udalek ez dutela erabakian inolako parte hartzerik izan, “inork ez digu ezer galdetu” adierazi du. Idoia Buruaga Elorrioko alkateak adibide konkretua jarri du bere kezka azaltzeko “Berriz Mankomunitatean sartzearekin gizarte langile bat izango du 4600 biztanleekin. Elorriok gizarte langile bat du 7300 biztanleekin. Desoreka nabarmena da, baina ez dakigu nola egingo den banaketa berria, ez dago ezer erabakita.”.

Aitor Lopez Mankomunitateko Lehendakari ohia izan da hitz egiten azkena. EH Bilduk Mankomunitatean egindako eskariak azaldu ditu: “Gaia eztabaidatu zen lehen batzordean txosten teknikoa eskatu genuen, zerbitzuak nola geratuko ziren jakiteko. Ezetz erantzun digute, eta gaur gaurkoz ez dakigu zerbitzuak nola funtzionatuko duten”. Galdera guztiak erantzun gabe daudela adierazi du eta hainbat zerbitzutan murrizketak egongo direla aurreikusi du. “Hainbat zerbitzu berdin geratuko dira 4600 biztanle gehiagorentzako, beraz herri bakoitzak zerbitzu gutxiago jasoko ditu. Murrizketa horiek ekiditeko zuzenketak proposatu ditugu”. Bukatzeko, salatu du prozesua eztabaida ekiditeko diseinatuta egon dela, “abenduaren 3an eztabaidatu zen lehenengoz Berrizko sarrera Mankomunitatean, eta abenduaren 14an hartuko da erabakia. Urtarrilaren 1etik aurrera EAJren inprobisazioak eragin negatibo zuzena izango du Mankomunitateko gizarte zerbitzuen egoeran”.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.