[dotb.eus] Elorriok ‘30 egun bizikletan’ erronka berrian parte hartzera animatu ditu herritarrak

Kanpaina apirilean hasi da eta hilabete osoan zehar parte-hartzaileek, gutxienez, 30 kilometro osatu beharko dituzte

Elorrioko udalak Cycle Friendly Employer ziurtagiria jaso zuen

ELORRIO.- Elorrioko Udalak Durangaldeko Mankomunitateak sustatutako ‘30 egun bizikletan’ erronkan parte hartzeko deia egin die herritarrei. Helburua mugikortasun jasangarria eta osasungarria bultzatzea da. Kanpaina apirilean hasi da eta hilabete osoan zehar parte-hartzaileek, gutxienez, 30 kilometro osatu beharko dituzte, beste mugikortasun mota bat posible dela erakutsiz.

Ekimena herritar guztiei zabaltzeaz gain, udaleko langileen arteko eguneroko joanetorrietan bizikletaren erabilera sustatu nahi du udalak, eta beraz, bizikleta modu seguruan eta irisgarrian gorde ahal izateko gune bat egokituko da.

Oraingoan, Elorrio Durangaldea taldean arituko da pedalei eraginez. Parte hartzeko, martxoan Bikefriendly aplikazio mugikorra jaitsi eta erregistratu egin beharko da. Hilean zehar 30 kilometro eginez, ‘30 egun bizikletan’ erronka betetzen duten pertsonek, bizikleta tolesgarri bat, 10 kafe sorta edo 30 kasko irabazi ahal izango dituzte.

Erronka, Elorrioko Udalak parte hartzen duen “Cycle Friendly Employer” estrategiaren barruan dago. Erronkaren lehen edizioan Elorrioko 85 lagunek parte hartu zuten, guztira 4.632 kilometro eginez.

Udalerri ziurtatua

Halaber, atzo, Elorrioko Udalak Cycle Friendly Employer ziurtagiria jaso zuen. Europako akreditazioa, 2023ra arte luzatuko diren hainbat jarduera eta estrategia bultzatuz bizikleta bidezko mugikortasuna bultzatzea helburu duena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.