[dotb.eus] Euskal Joko eta Kirola ekimena aurkeztu da gaur Astolako auditorioan

Urte osoko proposamena izango da eta hasierako topagunea Ibilaldiaren testuinguruan gauzatuko da larunbatean

Euskal Joko eta Kirolak ekimenaren antolatzaileak.

ABADIÑO – Euskadiko Herri Kirol Federazioaren egoitzak –Astolako auditorioan– hartu du gaur goizean Euskal Joko eta Kirolak ekimenaren aurkezpena. Izan ere, Ikastolen jaiek, ‘Ikastolak Herriari’ dinamikaren baitan, Euskal Joko eta Kirolak ekimena antolatu dute ludikotasunaren bidez Euskal Herri osoan antolatzen diren ikastolen jaietako komunitatea indartzeko helburuarekin. Euskara, Euskal kultura eta euskal joko eta kirola bateratzen duen ekimen berri hau urte osoko proposamena izango da, baina lehen topaketa asteburu honetan bertan burutuko da Sopelan Ibilaldiaren testuinguruan.

“Ikastolen elkartetik Euskal Herri osoan antolatzen diren bost jaietan – Ibilaldia, Araba Euskeraz, Kilometroak, Herri Urrats eta Nafarroa Oinez – ekimen bateratu bat antolatzea erabaki dugu aurten. Ekimen hori euskal jolas eta kiroletan oinarritzen da, hau da Herri Kiroletan dauden diziplinak eta beste diziplina ludiko batzuk ere batuko dira eta topaketa horiek Eukal Herriko lurralde guztietan izango dira 18 urtetik gorako pertsonentzako”, azaldu du Mikel Egibar, ekimenaren antolatzaile eta Kilometroen koordinatzaileak.

Euskadiko Herri Kirol Federazioko laguntza eta babesa duen ekimen honetan 18 urtetik gorako helduek parte hartu ahal izango dute, Ikastoletako komunitatearen guraso, langile eta ikasle ohien arteko Euskal Herri mailako saretzea lagunduko duen harreman dinamika sortuz. Bertan, ohiko Herri Kiroletako probak ez ezik, dantza bertsolaritza eta beste jolas batzuk ere egongo dira eta topaketa guztietan generoaren gaia zainduko da taldeak osatzeko momentuan. “Parte hartuko duten taldeak 12 lagunek osatuko dute, 6 neska eta 6 mutil, eta lehia izan arren ludikotasuna indartuko da gaitasun fisikoaren aurrean. Horrela, Euskal Kultural oinarritutako 10 joko eta kirol proba ludikotan parte hartzeko aukera izango dute. Sokatira, giza-proba, artzai-jokoa, lokotxak, harria jaso, ingudea, toka, zaku eroatea, dantza eta bertsolaritza probak izango dira”, aurreratu dute prentsaurrekoan.

Topaketa seguruak

Urte osoko ekimena izanik pandemiak behartutako baldintza guztiak bermatuko dituen ekimena izango da Euskal Joko eta Kirolak jaialdia. Horrela eta besteak beste burmuin talde sistema bat eratuko dute, musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da eta ikuslegoaren presentzia aforoak agintzen duena izango da, distantziak errespetatuz.

Ekimenaren abiaputua larunbatean, maiatzak 22, bertan izango da ‘Komunitatearen Deiadarra’ lemapean ospatuko den Sopela-Leioa Ibilaldiaren testuinguruan. Horrela, goizeko 10:30ean Euskal Joko topaketa burutuko da Sopelako hondartzaren parkinaren inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.