[dotb.eus] III. Beer Garagardo Azoka ospatuko da bihar Iurretan

Egun osoaren zehar jarduera ezberdinak egongo dira
Iurretako Askondo gunean ospatuko da III. Garagardo Azoka

IURRETA.- Bihar, abenduak 7, Garagardo Azokaren hirugarren edizioa ospatuko da Iurretako Askondo gunean, Iurretako udala, Juan Orobiogoitiako Ikasbidai taldea eta Oreka, Bodeguilla eta Gauargi tabernen laguntzarekin. Aurten lau ekoizle etorriko dira bertara Garaiko Garai Brewing, Murgiako Saltus Brewing koop, Elgetako Baobeer  eta Gordexolako Laugar Brewery.

Garai Brewing Co garagardoaren ekoizleek eta Aitte San MIgel Jai Batzordeak antolatutako III. Garagardo Azoka 12.00etan zabalduko dute, lehenengoz barra bakarrean arituko dira garagardo ekoizleak, eta gau erdira bitartean, talo tailerra, umeentzako jolasak eta musika kontzertuak eskainiko dira, besteak beste. Duela urte bi 450 lagun hurbildu zen I. Garagardo Azokara eta, iaz, 550 lagunek erosi zituzten edalontziak.

Garai Brewing Co garagardoaren ekoizlea den Ekaitz Alberdik azaltzen duenez “azoka 12,00etan zabalduko da eta 15:00ak bitartean garagardoak dastatzeko eta ekoizleekin tertulian ere aritzeko aukera izango da”. Horretaz gain, aurten garagardoa hartzeko edalontzia erosten dutenen artean zozketa egingo dute 15.30ean, eta  garagardo sorta irabazteko aukera izango dute parte-hartzaileek.

Garagardoaz dastatzeko aukera ez ezik taloak eta krepak jateko aukera ere eskainiko da III. Beer Azokan. Era berean, afaltzeko food trucka ere egongo da.

Umeentzako talo tailerra  12.00etan hasiko da eta lehenengoz, umeentzako jolasak ere egongo dira. Aurpegia margotzeko edo txapak egiteko aukera egongo da Juan Orobiogoitia ikastetxeko ikasleen eskutik, 16:00etatik 18:00etara. Ondoren, igel txapelketa hasiko dute.

Musikarako lekua ere egongo da eta Dube musika taldearekin hasiko dira kontzertuak 19:00etan. Ondoren Durangoko Hamaika ikusteko jaioak eta Moonshinerds taldeek joko dute. Bigarren garagardo sortaren zozketa egingo dute musika kontzertuak amaitzen direnean, 23:00etan. Espuela hartu eta gero gauerdian itxiko dute azoka.

Giroa berotzeko, iaz bezala, aire bero kanoiak jarriko dituzte. Bai Aiartzaguenak bai Alberdik gogoratu nahi izan dute jende eta talde askoren “lan potoloari esker” antolatzen dela azoka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.