[dotb.eus] [iritzia] “Lehen urratsak, betirako oinatzak”

Jesuitak Ikastetxean, Haur Hezkuntzako proiektuaren berrikuntza ibilbidea
Marta Eguenenek idatzitako artikulua

IRITZIA.- Berritzea, hobetzea, hezkuntzan etengabe gidatu beharreko prozesuak direla uste dute Jesuitak Ikastetxean. Ikasleak bizitzarako heztea proiektu sendo honen xede nagusia izanik, argi dute hezkuntza behin eta berriz egungo erronketara egokitu behar dela, gizartea ere aldatzen doan heinean. Aurten ere, haur hezkuntzako proiektuaren berrikuntza ibilbide irmo horretan beste urrats bat eman dute.

Haurrek beraien bizitzako lehen urteetan jasotzen duten hezkuntza erabakigarria da etorkizunean izango duten garapenerako. Durangoko Jesuitak ikastetxeko haurtzaindegian umeen garapen integrala indartzen dute, ikasketa aktiboa bultzatuz eta haur bakoitzaren erritmoa, jakin-mina eta beharrak, eta oro har, aniztasuna errespetatuz. Marta Eguenek, Haur Hezkuntzako  1. zikloko koordinatzaileak, azaltzen duen moduan, “haurra gaitasunez betetako pertsona” dela ulertzen dute ikastetxean. Izan ere, esperientziak erakutsi die “haurrari testuinguru eta baliabide egokiak eskainiz gero, umea osasuntsu eta osotasunean garatuko dela. Hori horrela izan dadin, eta haurrak bere ingurua gertutik bizitzeko eta aztertzeko, irakasleek metodologia aktiboak baliatzen dituzte, materialen manipulazioan eta espazio berritzaileen erabileran oinarritzen direnak.”

Azken urteetan zehar, sakon hausnartu dute Jesuitak ikastetxean ikasleen profilari buruz eta hari erantzuteko berrikuntzen inguruan. Haurrek txiki-txikitatik garapen fisikoa, intelektuala, afektiboa eta soziala modu integral eta orekatuan lortzea dute helburu.

Espazio irekiak eta berriak

Horretarako ikastetxeko espazioak berriztu dituzte, baita espazio horietako materialak ere; beti ere, haurraren ongizatea, estimulazioa eta esperimentazio beharra kontutan izanda. Umearen ekimenari protagonismoa emanez, eta ikuspegi didaktiko-metodologikoari erantzunez, espazioak ekintzak eta emozioak garatzeko tokietan bihurtu dituzte. Horiei

esker, esperientzia sentsorial desberdinak eskaintzen dituzte, non ikasleek sentitzeko, adierazteko, gozatzeko, barneratzeko, komunikatzeko, sozializatzeko zein elkarbizitzeko aukera duten.

Etxekotze prozesuan, urratsak oinatz

Jesuitak ikastetxeak garrantzi handia ematen dio ume bakoitzaren egokitzapenari. Haurrek jauzi handia egiten dute etxetik ikastetxera, familiatik lagun artera. Beraien bizitza laburrean ate eta leihoak ireki behar dizkiete espazio berriei, hezitzaile berriei zein gelako kide berri guztiei. Tokiak, jostailuak, pertsonak eta bizitza bera partekatzen ikasten hasiko dira konfiantzazko giro lasai eta hurbilean.

Harreman berri horietan euskara dute guztiek bidelagun eta komunikazio tresna nagusi; txikitatik euskalduntzearen aldeko apustu garbia egiten baitu ikastetxeak, eleaniztasun proiektuaren baitan.

“Etxekotzearen jauzi horri egokitasunez aurre egiteko hezitzaileen hurbiltasuna eta familiekin batera elkarlana eta konfiantza zintzoa ezinbestekoak dira”, Eguenek azpimarratzen duenez. Aurten ikastetxera lehen aldiz etorri direnen artean dago Mª Angelesen urtebeteko semea. Amak aitortzen duenez, umearen hasierako negarren gainetik “haurtzaindegiko irakasleen konfiantza osoa” jaso du eta “lasai” uzten du semea ikastetxean. Bi hilabetetan haurrak egindako “eboluzioa nabarmena” izan dela azpimarratu du.

Jesuitetako berrikuntza ibilbidearen erronka eta bertako hezitzaileen funtsezko ardura umearen lehen urratsetan bidelagun izatea da. Lehen urrats horietan babesa ematea, bai umeei zein familiei, etorkizuna elkarrekin marraztu ahal izateko. Horregatik, ezinbestekoa da eskolatze prozesuari lasaitasunez, konfiantzaz, mimoz eta ilusioz aurre egitea. Ikastetxean emandako lehen urratsak, betirako utziko dituzte oinatzak.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.