[dotb.eus] Jaiotzaren 300 urteurrenean omenaldia egingo diote Juan Orobiogoitiari Iurretan

Iurretako lehen Letren Eskola sortzeko laguntza eman zuen eta gaur egun DBH eta Batxilergoko ikastetxeak bere izena darama
Irailaren 9an Liman egin ziren omenaldi ekitaldiak

IURRETA.- Irailaren 13an 300 urte betetzen dira Juan Orobiogoitia Orominño auzoan jaio zela. Berari zor zaio Iurretako lehen letren eskola, sasoirako aurrerakoiak ziren irizpideekin zabaldu zena. Hau dela eta, irailaren 9an Perun omenaldi ekitaldia egin zioten eta 13an Iurretan ospatuko dira Gerediaga Elkarteak Iurretako Udalaren eta Juan Orobiogoita ikastetxearen laguntzarekin. Peruko ekitaldirako Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritza izan da bidelagun.

Iurretako Orobiogoitia baserrian (1718-1794) jaio zen eta gazte joan zen Limara Orobiogoitia eta merkataritzan jardun zuen hil arte. Ameriketan egindako diruen parte bat bere jaioterrian irakaskuntza hobetzeko erabili zuen.

Horrela, irailaren 9an Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzako delegazio batek kooperazioko zenbait proiektu bisitatzeko bidaia egin zuen Perura, tartean eskolak ere bai.

Bidaia hori aprobetxatuz, ekitaldi xumea egin zen Limako San Francisco komentuko “Euskal Nazioaren kaperan”. Bertan lurperatu zuen Juan Orobiogoitia. Horregatik, lore eskaintza egin zuten Ander Añibarro Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariak eta Itziar Irazabal Iurretako Gerediaga elkarteko kideak.

Irailaren 9koa data esanguratsua da Limako euskaldunentzat. Arantzazuko Ama da euren zaindaria 1612. urtean “Euskal Nazioko Zalduntxoen Anaiartea” sortu zutenetik eta urtero ospakizun eguna izaten da.

Eta irailaren 13an Iurretan ospatuko diren ekitaldien artean herriko gaztetxoentzat egurrezko jolasak egongo dira Olaburu pilotalekuan, arratsaldeko 5etan hasita. Arratsaldeko 7etan, Juan Orobiogoitiari buruz eta Perun finkatutako euskaldunei buruzko berbaldia eskainiko du Xabier Lamikiz Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak. Udaletxeko batzar aretoan izango da ekitaldia, eskola zaharra eraiki zuten lekuan Orobiogoitia gogoratzeko jarrita dagoen haritzaren aurrean dantzan egin eta gero.

Nor zen Juan Orobiogoitia Agirre?

1718ko irailaren 13an jaio zen Oromiñoko Orobiogoitia baserrian. 11 urterekin umezurtz gelditu zen eta gazte zela Peruko Ciudad de los Reyes (gaur egun Lima) herrira joan zen. Zergatik Peru? Bada, XVIII. mendean Peruko merkataritza eta ekonomia euskaldunen kontrolpean zegoen. Tartean, Zornotzako Martin Zelaieta eta Iurretako Juan Batista Baquijano Beazkoa ziren merkatari entzutetsuenak.

Bere bizitzari buruz oso gutxi ezagutzen dugu. Merkataria zen ogibidez. Limako kontsulatuko epaitegiko kontseilaria izan zen eta “Hermandad de los Caballeros Hijosdalgos de la Nacion Vascongada”ko kidea ere bai. 1794ko irailaren 9an, 76 urterekin hil zen. Oinordekorik ez zuen izan, ezkondu ere ez zen egin. Bere testamentuan agintzen zuen bezala Limako San Francisco komentuan lurperatu zuten, Arantzazuko Amaren ohorez eraikitako Euskal Nazioko kaperako sotoan. Lima eta Iurreta sorterriko erakunde eta tokietarako funtsak utzi zituen.

Iurretari dagokionez Peruko 6.000 peso utzi zuen dirutan “hilzoriko kapera” eratzeko. Abade baten ardura izaten zen kapera horretan, hilzorian zeudenak olioztatu eta hil arteraino laguntzea. Gainera, Oromiñoko San Markos ermitan meza ematea ere bazen bere egitekoa. Era horretan, neguan parrokiaraino jaistea sahiesten zuten eta meza ostean katekesia euskaraz ematen zuten.

Beste 4.000 peso ere eman zituen Iurretako Lehen Letren Eskola sortzeko. Eskola 1801eko abenduaren 29an sortu zen eta sasoirako oso aurrerakoiak ziren irizpideekin zabaldu zituen ateak:

  • Maisua izateko baldintzak: “bizi onekoa”, tituluduna eta gaztelera zein euskaraz jakitea.
  • Maisuaren asteko lanorduak 34 eta urtean zehar 34 jai egun.
  • Maisua arduratuko zen ikasleei behar zuten materiala lortu eta saltzeaz, baina irabazirik egin barik. Orobiogoitia abizeneko ikasleak,baina, doan izango zituzten.
  • Udaletxeko batzar gela erabili zen eskolak emateko, eta mutil eta neskentzako eskola izan zen.

Juan Pedro Orozqueta Uribe-Salazar maisuaizan zen lehen irakaslea. Eskola zaharra 1972ra arte egon zen Iurretako plazan. Urte horretan, Espainiako Hezkuntza Ministeritzak eraikin berria egin zuen eta “Arzobispo Lauzirica” izena jarri zitzaion. 1997an, berriz, Iurretako Udalak eskolei izena aldatzea erabaki zuen Juan Orobiogoitiaren omenez.

Gaur egun Haur eta Lehen Hezkuntza zentruak Maiztegi herri eskola izena du eta DBH eta Batxilergoa batzen dituen ikastetxeak Juan Orobiogoitia Institutua.

DOTB

Durangaldeko Informazioa eta Albisteak. Información y Noticias de Durangaldea

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.