[dotb.eus] “Muga gainetik dantzan” kontzertu-erromeria Aiko Taldearen eskutik Durangon

Abenduaren 16an izango da egun osoko egitarauarekin
Eguerdiko 13:00etatik gaueko 22:00etara luzatuko da oso jardunaldi berezia

DURANGO.- Durangok festaz betetako oso jardunaldi berezia biziko du bihar, abenduaren 16an, larunbatean, AIKO Taldeak antolatu duen kontzertu-erromeria handiarekin. Izen handiek bat egingo dute aurten Aiko taldeko musikariekin eta dantza irakasleekin, musika eta dantza jaialdia eskaintzeko, goizez, Durangoko alde zaharreko kaleak animatuz, eta arratsaldez, Plateruena Kafe Antzokian.

“Muga gainetik dantzan” goiburupean, bertan hainbat musikarik hartuko dute parte ekitaldi honetan. AIKOko kideak ere bertan arituko dira“plaza gidatuz”: Sabin Bikandi (txistua eta danbolina), Álvaro García (gitarra), Txus Aranburu (akordeoia) eta Amaiur Cajaraville (kontrabaxua) musikariek; eta Patxi Laborda, Ainhoa Odiaga eta Irune Arrizubieta dantza maisuek, .

Erromerian lehen aldiz hartuko dute parte Bixente Martínez Oskorri taldeko musikariak eta egoitza Miarritzen duen Kiki Bordatxo taldeak. Kristian Borda da euskal musika tradizional eta garaikide boskote horren arima. Lurralde guztietako melodiez osatutako errepertorioa duen taldea hainbat aldiz aritu da Estatu Batuetako euskal musika jaialdietan. Bixente Martinez musikari autodidakta, bere aldetik, musika-tresna jolea, moldatzailea eta konposatzailea da. Eibarren jaio zen 1954an, eta Oskorriko kide izan zen, talde mitikoaren grabazio eta kontzertu guztietan parte hartuz. Hiru Truku taldean ere aritu zen, Ruper Ordorikarekin eta Joseba Tapiarekin batera. Aikoko musikariekin batera, gitarraz (akustikoaz eta elektrikoaz) gozatuko dugu, beste egitasmo batzuen artean Amaiur Cajaraville Aikoko kontrabaxu jolearekin batera Igelaren Bandan ari den musikari aktibo horren musika-tresna nagusiaz.

Inolako zalantzarik gabe, jardunaldiko ukitu alaienetakoa Jarauta 69 iruindarrek jarriko dute, 35 urte jardunean daramatzan txaranga, nota hoberenak emanez eta Sanferminak eta bestelako jai asko alaituz. Euren espezialitatea kaleak diren arren –izan ere taldearen izena 1982an entseguekin hasi ziren lokalaren helbideak ematen die–, aurten diskoa ere kaleratu dute. Durangon euren musikaz eta sortzen duten giro bikainaz gozatu ahal izango dugu.

Durangoko erromeria, AIKOk antolatzen duen jarduera egutegi zabaleko hitzordu nagusietakoa da, eta aurten, adiskidez eta gonbidatutako artistez eta taldez inguratuko da, eguerdiko 13:00etatik gaueko 22:00etara luzatuko den oso jardunaldi berezian.

Halaber, datorren abenduaren 16an ez dute hutsik egingo Aste Nagusiko edo Urkiolako erromerietan, beste batzuen artean, AIKOren ohiko laguntzaileak diren Bizkaiko Gaiteroek, Plateruenako erromerietan luxuzko “amaierako traka” egiten dutenak. Bizkaiko Gaiteroak taldea musika tradizionalaren mundua aberasteko eta mahai gainean ideia berriak jartzeko helburuz sortu zen, eta zehatzago esanez mihi bikoitza tradizionala Bizkaian garatzeko, euren aitzindarien ondorea bizirik iraunarazteko. Hainbat grabaziotan parte hartzeaz gain, euren kantak biltzen dituen “Oraingo doinu zaharrak” diskoa kaleratu dute.

Egitaraua goizean hasiko da. 13:00etatik aurrera, Andra Mari elizako atarian egingo den sokadantzak zabalduko du jardunaldia, eta ordu erdi geroago jarraipena izango du, Durangoko kaleak hartuko dituen dantza-poteoarekin. 14:30ean, Plateruenean dagoeneko, AIKO Taldeak txakolin batera gonbidatuko ditu bertara hurbiltzen direnak.

Ohikoa denez, jai egitarauak Plateruenean jarraituko du, 15:00etan egingo den bazkari herrikoiarekin. Bazkalostean, dantza zale guztientzat zabalik egongo den erromeria hasiko da. Urtero, musika eta dantza tradizionalaz gozatzen duten 200 pertsona inguru elkartzen ditu. Durangoko ospakizunean animatzen diren guztiek hartu ahal izango dute parte. Dituen izaera herrikoia eta giro bikaina direla eta, oso egun berezia bilakatu da euskal dantza zaleentzat. Dantza eginez gozatzeko elkartzen dira, herrietako erromeria tradizionaletako giro alaia gogorarazten duen jardunaldi dibertigarrian. Plateruenako bazkariak 25€ balio ditu eta txartelak Durangoko Kafe Antzokian bertan edo  AIKO taldearen webgunearen bitartez erosi daitezke. Festa gaueko 22:00etan amaituko da, ziurrenez “Mi carro” abestuz, AIKOtik adierazi dutenez.

Durangoko erromeria hitzordu tradizionala bilakatu da jadanik dantzazaleen egutegian. Horietako askok Dantzaldi Ibiltarian hartzen dute parte, Bilbon (Campos Elíseos Antzokia), Donostian (Victoria Eugenia Antzokia), Durangon (Plateruena Kafe Antzokia), Markina-Xemeinen, Gernika-Lumon eta Galdakaon eskaintzen diren eta BBK Fundazioaren laguntza duten Aikoren dantza ikastaro egonkorretan. Urrian hasi ziren arren, ikasi nahi duten guztiek ateak zabalik dituzte oraindik (http://aikotaldea.eus/dantzaldi-ibiltaria.php?idioma=eu). Ekainean amaituko diren asteroko klaseak eskaintzen dituzten ikastaro horiek, dantzan ikasi eta AIKO Taldearen metodoa ezagutu nahi duten guztiei daude zuzenduta. Metodo “naturalagoa, erlaxatuagoa, dibertigarriagoa. Dantzan ikasteko beste modu bat”.

DOTB

Durangaldeko Informazioa eta Albisteak. Información y Noticias de Durangaldea

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.