dotb Durangaldeko Telebista

«Durangaldeko argitalpenak» eskualdeko 23 eragileren 90 lan erakutsiko ditu Azokan

Gerediaga Elkarteak eta Durangaldeko Mankomunitatearen arteko akordioari esker posible da

Ainara Otxotorena, Idoia Otaduy eta Nerea Mujika.

DURANGO | Durangoko Azoka ate joka dago. Abenduaren 6tik 10era Landako Gunea sortzailez eta bisitariz beteko da eta Durango, Euskal Herriko kulturaren erdigunea bilakatuko da. Bertan, ez dira faltako Durangaldeko argitalpenak batuko dituen erakusmahaian. Zehazki, 58. edizioan 23 eragileren 90 lan eskuragarri izango dira eta horietatik guztietatik 10 nobedadeak dira. “Durangaldean ere asko daukagu erakusteko. Izan ere sortzaile oso emankorrak ditugu gure eskualdean. Guztien artean oso paper garrantzitsua betetzen dute gure eskualdea kulturalki aberasteko. Gure sortzaileak aitortzea eta babestea ezinbestekoa dela uste dugu gure eskualderean garapenerako”, adierazi du Idoia Otaduy Durangaldeko Mankomunitateko presidenteak.

Izan ere, Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoaren babesarekin, 58. Durangoko Azokan ere Durangaldeko argitalpenek leku berezia izango dute eta gaur goizean prentsaurrekoa eskaini dute Gerediaga Elkarteko eta Mankomunitateko arduradunek. “2004az geroztik, Durangaldeko sortzaile, elkarte, udal eta eragileei beren argitalpenen erakusketa eta salmenta errazten diegu Durangoko Azokan. Aurten Durangaldeko argitalpenak izena izango duten bi erakusmahai izango ditugu, Mankomunitatearen babesarekin eta Gerediaga Elkartearen kudeaketarekin”, eskertu du Nerea Mujika Gerediagako presidenteak.

2024 egutegia

Gerediaga Elkarteak, bestetik, nobedade moduan 2024ko egutegia eta Astola aldizkariaren 17. zenbakia izango ditu azokan. Urtez urte, dagoeneko argitaratzen duen 28. egutegia da. Egutegiaren kasuan ere, Mankomunitatea da babesle nagusia.

Urtero legez, argazki zaharrak izango dira orriz orri eta egutegi berrian Ignacio Ansorenaren bildumakoak erakutsiko dira.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.