dotb Durangaldeko Telebista

Euskal Herriaren erakusgarria

Iñaki Bidarte, Athletic Club-eko bazkide

Iñaki Bidarte, Athletic Club-eko bazkide.

IRITZIA |Bizkaia. Bilbo. San Mames Berria. Partidu eguna. Kaleetan giro aparta. Usain berezia. Irabazteko gogoa. Borrokarako grina. Dena duzu prest: bufanda, bokatak eta eztarria. Ahotsa taldea animatzen hasteko erne. Lehenengo aldia edo beste asteburu bat dela, berdin dio horrek, zelaira hurbiltzen ari zarela betiko urduritasuna berdegunean gerta daitekeen ezezagun horren aurrean. Garaipena? Porrota? Ikuskizun eskasa? Gola falta? Askotan norberak duen egonezin hori kontrola ezin dituen gauzengatik dator.

Jokalariak ohituta daude milaka jenderen aurrean jolasten, zale guzti horien iritziak eta oihuak ezerezean gelditzen dira jokatzen hasi eta minutu batzuetara. Ohitura, zenbaitek dioten bezala. Zelaiko atetik sartu eta zure eserlekura zoazen bitartean urduritasun hori areagotzen doa barruan dagoen jendea zu bezain aztoratua ikustean, igartzen den zerbait da, batez ere partidua garrantzitsua bada.

Partidua hasi baino lehen iluntasuna. Argien ikuskizun paregabea atzealdean txalaparta soinuarekin. Minutu batzuk geratzen direla norgehiagoka hasteko jokalariak zelaira ateratzen dira, partidua orduan hasteko. Zelai osoa batzen duen abestia. Athletikzale guztien orroa. Gure ereserkia: “Athleeeeeeeeeeeeeetic…!” Bufanda bi eskuekin helduz gora. Hotzikarak. Gorputzeko ile guztiak puntan. Kopa eta txapelketa europarra erditik ez dauden bitartean bi asterik behin entzun daitekeen soinu zirraragarria. Zoramena.

Ordea momentu batean dena eteten da. Bozgorailuetatik ez da soinu gehiago ateratzen. Markagailua jartzen duten bi pantailetan ereserkiaren letra dago oraindik agerian, karaoke baten antzera, baina jendeak kantatzeari uzten dio. Indar guztia galtzen du aurretiko denbora txiki horretan irabazitako denak. Jendearen kantua ahulduz doa desagertzen den arte.

Erdizka gelditzen da. Indargabetze horren ostean txaloak etorri ohi dira baina zerbait falta zaio, amaiera irmo bat, kolosala, denok batera. Zergatik? Zelaira doazen guztiek ez ote dakite ereserki osoaren letra edo? Benetako arrazoiaren ezagutza falta. Mistikotasunera itzuliz, San Mames zaharrean areagotu egiten ziren jendearen ahotsak abestia aurrera zihoala, bufandak airean oraindik zeudelarik. Guztion eztarrietatik aldi berean amaiezina zirudien kanta abestu egiten zen : “Athletic gorri-zuria, geuria”. Hau bukatuta txalo zaparrada, harmailetan sekulako marmara eta epailearen txilibitu soinua entzuteko zirrara.

Partidua hasi baino lehen zaleek lehen gola sartzen zuten. Ez diot orain ez denik partiduan zehar animatzen, ez. Partidu aurreko kalejira eta etxeko taldearen autobusari egiten zaizkion harrera apartak dira baita ere egun, baina zerbait falta da. Otsailaren 29an zelaia infernu bihurtu nahi baldin badugu kopako finalera bidea taldeari urratzen laguntzeko eta partidua hasi baino lehen berton gaudenok lehen gola sartu, guztiok jakin beharko genuke gure ereserkia hasieratik amaierara. Igarri dagitela zein den gure nortasuna eta zein den euskal herriaren erakusgarria.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Disponible para Amazon Prime