dotb Durangaldeko Telebista

«Herria eginez, elkar babestu daigun!»

Elorrioko ezker abertzaleak bidalitako gutuna

Gaur arratsaldean Elorrioko ezker abertzaleak egindako elkarreteratzea

IRITZIA.- Joan den asteburuan izandako gertaerak salatzeko eta asteburua lasaitasunez eta giro onean bizi nahi dugula adierazteko bildu gara hemen gaudenok. Asteburuan, San Joseko eremuan hasi eta herri osora zabaldutako liskarrak osasun egoera zaintzeko aitzakiapean Ertzaintzak aurrez prestatutako interbentzioen ondorioa dira, eta ez da kasualitatea Elorrion bereziki oldartzea.

Sei gazte atxilotu zituzten, horietako 5 elorriokoak; desordena publikoa eragitea egotzita, epaiketaren zain daude. Argi dago; estrategia politiko baten baitan, gazteak eta Elorrioko udala fokoan jartzea da batzuek bilatzen dutena. Gainera, komunikabideak honen guztiaren konplize izan dira, eta ez dute lotsarik izan kopuruak desitxuratzeko, irudiak nahasteko eta atxilotuei eta gazteei orokorrean beraiena ez den erantzukizuna leporatzeko. Eta oso modu interesatuan zabaldu dute herriaren irudi faltsu bat.

Pandemiaren ondoriozko etxealdia amaitu zenetik, gazteak behin eta berriz izan dira jo-puntu, eta arduragabekeria eta errespetu falta leporatzeaz gain, istiluen sorburu izatea ere egotzi diete. Baina herrian asteburu honetan egiaztatu ahal izan den bezala, gazteek arduraz jokatzen badakitela erakutsi dute, beren aisialdia zentzuz eta errespetuz antolatuz.

Ez dugu ahaztu behar, denok, haur, gazte zein helduek, ingurua eta ondokoak errespetatuz eta elkar zainduz, gure aisialdiaz gozatzeko eskubidea dugula; izan plaza honetan eserita, kultur eskaintzaz gozatzen edo San Josen lagun artean. Erantzukizun osoa gazteengan jartzea ez da justua.

Beraz, Ertzaintza berriro oldartzen bazaigu, lehenetsi dezagun herritarron arteko elkartasuna, babes dezagun elkar eta babes dezagun gure herria, paira ditzakegun ondorioak ahalik eta txikienak izan daitezen.

Jarrai dezagun guztiontzako bizigarria den herria eta aisialdi eremuak eraikitzen, eta elkar babestu daigun horren aurka ekiten dutenen aurrean!

Elorrioko ezker abertzalea

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.