[dotb.eus] “10 hilabete beteko dira, jarraipen faltagatik, pistinetako estalkia apurtu zenetik”

Abadiñoko EH Bilduk bidalitako gutuna

Astolako pistinak

IRITZIA.- Astolako igerilekuetan estalki berria ezarri eta normaltasunez erabili ahal izateko eguna gero eta urrunago dagoela dirudi. Irailera arte ez dute esleipen prozesurik abiarazi, eta proiektuaren idazketa egiteko lehiaketara aurkeztutako enpresa bakarrak baldintza batzuk betetzen ez zituenez, esleipena hutsik geratu berri da. Gogoratu behar dugu Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak, plegu horiei zuzenketak egiteko eskaera erregistratu zuela. Udalak, ez zituen aintzat hartu eta emaitza aipatutakoa izan da. Ondorioa: prozesua 0tik abiatuko behar da.

Prozesu luzea da jarraitu beharrekoa:

  1. “Proiektuaren erredakzioa” esleitzeko pleguak argitaratu behar dira, enpresek hilabeteko epea izango dute aurkezteko, udalak proiektua esleitu eta ondoren bi hilabete terdiko epea dute idazteko. 
  1. Hau jasota, proiektuaren eraikuntza esleitzeko plegu berriak argitaratu behar dira, enpresek hilabeteko epea izango dute aurkezteko, udalak proiektua esleitu eta honi obra egiteak behar duen denbora gehitu behar zaio.

Otsailean bertan, barne mailako komunikazioetan, bulego teknikotik adierazi zuten ziurrenik estalkia aldatu beharko zela. EH Bildutik, bi proposamen egin genituen orduan:

  • Estalki berria behar izatekotan, geldialdia erabiltzea, denon artean, Astolako instalazioen gaineko hausnarketa integrala egin, eta Abadiñoko beharrizanei egokitzeko.
  • Aldatzeko beharra teknikoki baieztatu bitartean (maiatzaren 18an jaso genuen baieztapena), beharrizan berrien gogoeta kontuan hartu, eta aurreratzen joan zedila plegu batzuen zirriborroa, maiatzean bertan prozesua abiatzeko.

Udal gobernuak, ez zuen ez bata ez bestea egin eta irailean abiatu zuen estalkia aldatzeko prozesua. Zoritxarrez gaur esan genezake, ondobidean, arinenez 2021eko udazkenera arte ez dugula estalki berririk izango.

Igerilekuen kudeaketa, gobernu honen kudeaketa gaitasunaren eta ereduaren isla besterik ez dira. Zerbitzu publikoak azpikontratatu, jarraipenik ez egin, oso erritmo motelean lan egin, erabaki okerrak hartu (estalkia apurtua zegoela urtebete berritu zuten kontratua eta 25.000 euro ordaintzen ditugu hilean itxita dauden igerileku batzuengatik), eta EH Bilduri inolako kasurik ez egin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.