[dotb.eus] Abadiñoko Udalekuetan parte-hartzeko izena emateko epea zabalik martxoak 8ra arte

Abadiñoko Katalamixon Aisialdi Elkarteak  antolatuko ditu aurten ere udalekuak
ARGAZKIA: Artxibo

ABADIÑO.- Datorren martxoaren 8ra arte zabalik dago Abadiñoko Udalekuetara izen ematea. Oraingoan Mendigorriara (Nafarroa) joango dira Katalamixon Aisialdi Elkartearen eskutik uztailaren 17tik 28ra bitartean. Hala ere, 2019ko udalekuak berritasunekin datoz, bi udaleku aterako baitituzte.

Alde batetik, udaleku finkoa egongo da Mendigorrian 12 egun horietan, LH2tik LH5erako haurrak izango dira bertan eta 30 plaza aterako dira. Beste alde batetik, udaleku finko-ibiltaria izango dugu, Errezutik Mendigorriara. Kasu honetan LH6tik DBH3ra arteko gaztetxoak izango dira eta 40 plaza eskaini dituzte.

Izen-emate epeari dagokionez, martxoaren 8ra arte izango dute aukera telefonoz edo emailez. Izen-emate ordenaren araberakoa izango da onarpena. Pertsona bakoitzak gehienez 3 ume apuntatu ahalko ditu.

Hirugarren urtea da Katalamixonek udalekuak ateratzen dituena. Lehenengo urtean Mendigorrian (Nafarroa) egon ziren, iaz berriz Ollogoienen (Nafarroa) eta aurten berriz ere Mendigorria izango dute kokaleku. “Hiru urteotan gugana jo duten ume eta gazte kopuruak nabarmen egin du gora eta aurten, finko-ibiltariaren berrikuntzak ere harrera ona izatea espero dugu” adierazi dute elkartetik.

Hala ere, ez da Katalamixon Aisialdi Elkartearen esperientzia bakarra, Abadiñoko Gazteak programa (Abadiñoko Udalarena) kudeatzen dute, herriko jaietan jolasak egin eta aurten, berrikuntza moduan, ume txikiagoentzako diruz lagundutako Olgau Daigun proiektu propioarekin hasi dute urtea.

Esperientziadun Abadiñoko hezitzaile taldeak osatzen dute Katalamixon Aisialdi Elkartea, buru-belarri urte osoan zehar lanean dihardute herrian. “Gure helburu nagusiak aisialdi euskalduna eskaini eta orain gugana jotzen duten gaztetxo eta umeak etorkizuneko hezitzaile eta Katalamixonen proiektuaren bultzatzaile izatea dira” azaldu dute.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.