[dotb.eus] [bideoa] Durangoko Azokaren ekosistema hasi DA!

Gaur arratsaldean Azokaren inaugurazio ekitaldia ospatu da Durangoko Musika Eskolan
Kepa Errasti aktoreak gidatu du inaugurazio ekitaldia

DURANGO.- Durangoko Bartolome Ertzilla Musika Eskolan ospatu da aurtengo Durangoko Azokaren inaugurazio ekitaldia “Oparitarako” izenekoa eta Kepa Errasti aktorearen gidaritzapean.

Bertan,  Azokako ordezkari eta babesle publikoetako ordezkariek parte hartu dute. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Lehendakari Iñigo Urkullu, Durangoko alkate Ima Garrastatxu, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzarako Foru diputatu Sergio Murillo, Hizkuntza Polikarako Sailburu ordea Miren Dobaran eta Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuko kontseilari Ana Ollo. Herri-mugimendu eta euskalgintzako kideak ere bertan izan dira.

Nerea Mujikak, Gerediagako lehendakariak aurtengo lema gogoratu du “ekosistemaren mugimendu guztiek osatzen dutena DA! Gu geu osatzen gaituena. Guk geuk osatzen duguna eta datozen urteetan ere osatzen jarraitu nahiko genukeena. Horregatik Azoka Osorik DA!” azaldu du. Bestalde, Durangoko alkatearentzat azoka “eralusleiho bezala uler daiteke. Euskal kulturak altxor ederrak dituela erakusteko eskaintzen dena. Kultura ikusi, sentitu, bizitzeko modu bat eta modu asko aldi berean. Hori da Azoka”. Eta Lehendakaria den Iñigo Urkulluk azokaren hasiera ekarri du gogora “1965an, Euskal kulturaren plaza eraikitzear zegoen. 54 urte geroago, Durangon, Euskal kulturaren plaza eraiki DA!, irekia eta anitza DA!, gune eroso eta abegikorra DA!” azpimarratu du.

Durangoko Azokako II. Sormen Bekaren irabazlearen iragarpena bigarren egunean

Gaur milaka ikaslek Landako Gunea eta Azokako gainontzeko espazioak bete ostean, bihar Durangoko Azokako bigarren eguna helduko da, eta kulturaren plaza ekitaldiz josita ere egongo da.

Eguna iragarpen batekin hasiko da. Goizeko 10:30ean Areto Nagusian Durangoko Azokako II. Sormen Beka zeinek irabazi duen iragarriko dute epaimahaikideek. Aurtengo gaia musika da, eta irabazleak urtebete izango du bere proiektua garatzeko, hots, datorren urteko Azokarako. Beka 15.000 eurokoa da, eta Durangoko Udaleko babesa du. Aurtengo irabazlea ezagutzeaz gain, iazko irabazleek ere euren produktua aurkeztuko dute: AtopiaRPG, euskarazko lehenengo rol-jokoa.

Ahotsenea solasaldietan goiza zoratzekoa izango da. Besteak beste, honako sortzaileek parte hartuko dute: Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Harkaitz Cano, Berri Txarrak taldea… Arratsaldean ere Unai Elorriagak bere azken lana aurkeztuko du, eta 19:00etan Joseba Sarrionandiaren “Airea ez da debalde” liburua aurkeztuko da. Zuzenekoen karpan talderik ezagunena Zea Mays taldea izango da, 11:40etan, baina eszenatoki bietan oso proposamen interesgarriak izango ditugu: Mad Muasel, Afrika Bibang, Sua, Belatz, Zazkel…

Areto Nagusian, egunero bezala, hainbat aurkezpen egongo dira: “Bittor eta biok” Gontzal Mendibil, Xabier Kintana, Xabier Amuriza eta Antton Mari Aldekoa-Otalorarekin; yoga saioa Maite Eizmendirekin; “Tarrapatan. Pandero baten ibilbidea” Xabier Berasaluze Leturiarekin eta abar.

Irudienean Kimuak film laburrez gozatu ahal izango dugu: “Mateoren ama”, “Medvedek”, “Artiko” eta “Lursaguak”. Josu Martinezen “Anti” film laburra ere proiektatuko da, eta eguna amaitzeko “Lou, dantzan jo eta ke, oinak lehenertu nahian” dokumentala, euskal rock eszenan emakume aitzindariei buruzkoa.

Kabi@n Gamer Eguna ospatuko da bihar; goizean hainbat jokoren aurkezpenak egongo dira, eta arratsaldean jolaserako tartea egongo da. Saguganbaran, bere aldetik, ipuin kontaketak egongo dira (“Altxorraren bila!”, “Katta” eta “Zure bihotzean”), Steam esperimentuak haurrentzat, tailerrak (“Familia jolasean”, “Azalerako ipuinak” eta “Liburu Baby Kluba”) eta hainbat liburu-aurkezpen.

Szenatokian osagai nagusi bi izango ditugu: 17:00etan Ganbila antzerki bildumaren aurkezpen teatralizatua eta 19:00etan Kukai Dantza Taldearen “Erritu” ikuskizuna.

Musika Eskolan, Gogoetaren Plazaren lehenengo saioa antolatuko da. 12:30ean “Gu gara euskal prentsa” mahaingurua Josu Landa eta Elixabete Garmendiarekin; eta 18:30ean lizentzia libreei buruzko mahaingurua, Gotzon Barandiaran, Miren Narbaiza eta Dabid Martinezekin.

Egunero bezala, gaua Plateruena Kafe Antzokian amaituko dugu. 23:00etan Pello Reparazek bere proiektu berria aurkeztuko du: Zetak (sarrerak salgai 12 euroan webgunean eta 15 euroan txarteldegian).

Unean uneko egitaraua eta sortzaileen sinadura-ordutegiak www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daitezke egunero.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.