dotb Durangaldeko Telebista

[dotb.eus] Emaitzak irailetik aurrera heltzea espero du Berton Bertokoa proiektuak

Ekimenaren arduradunek ikasturteko balantzea egin dute
Berton Bertokoa taldeak balantzearen aurkezpenean. ARGAZKIA: dotb.eus

DURANGALDEA.- Berton Bertokoa ekimenak aurtengo ikasturteko errebindikazioen balantzea egin du. Kontsumitzen diren lekuan prestatzen diren elikagaiak dira beraien ezaugarri guztiak mantentzen dituztenak eta inguruko eta sasoi bakoitzeko produktuak kontsumitzea da osasuntsuena. Premisa hau abiapuntu moduan hartuta, Durangaldeko hezkuntza publikoko hainbat zentrok bi urtez lanean dihardute beraien jantokietan eredu honetara aldaketa eman daiten. Aurten Mallabiako eta Zornotzako Larrea eskolei ongietorria ematen diegu, honekin, ikasturte bukaerarako 12 zentru garelarik Berton Bertokoan (BB): Abadiño, Atxondo, Berriz, Elorrio, Matiena, Zaldibar, Iurreta (Maiztegi), Iurreta (IES), Durango (Landako), Durango (Zabalarra).

Talde honen atzean, eskolen ordezkari diren 20 bat ama eta aita daude, beraien eskoletako Organo Gorenen babesa dute eta hilean behin batzen dira, ideiak partekatzeko eta gaur egun dagoen jantoki eredua aldatzeko apostu bateratuarekin. Hauetatik aparte, eskoletako Ikasleen Guraso Elkarteek, erakunde sindikal, sozial eta kulturalek, sukaldaritza munduak eta herriko ekoizleek ere beraien babesa eman diete eta BBren manifestua izenpetzen dute, funtsezko 4 ideietan oinarritzen dena: “Gure umeek jantokian elikadura osasuntsu bat jasotzeko eskubidea dute, kantitatean zein kalitatean egokia izan behar du. Bertoko eta sasoiko produktuak beraien beharrizanetara hobetoen egokitzen direnak dira eta eskoletan bertan sukaldatzen diren elikagaiak soilik mantenduko dituzte propietate guztiak. Honetaz gain, guzti honek tokiko garapenari, ingurugiroari eta norberaren kultur nortasunari eragiten dio”.

Berton Bertokoan denon arteko gogoetaren azken lanetako bat gure eskola jantokietarako nahiko genukeen proiektuaren oinarria sortzea izan da, nahi duguna eta ez duguna nahi azalduz. Bertan ezinbestekoak diren agenteak identifikatu ditugu, hauek izan behar duten papera adostu eta gure eskolen eta baserri-ingurunearen artean (bere produktu eta ekoizleekin) sortzea gustatuko litzaiguken erlazioak ezarri . Proiektuaren erdigunean hezkuntza publikoko eskolek nahi duten jantoki eredua aukeratzeko eman behar zaien autonomia jartzen dugu eta Eskola Kontseiluak duen zeresana gai honen gainean erabakiak hartzeko. Gainera, eskola jantoki zerbitzua duintzeko beharrizana ikusten da, zerbitzu huts bat izatetik heziketa espazio bat izatera pasatuz, bertan lan egiten duten pertsonek jokatzen duten papera azaleratuz eta beraien lan baldintzak hobetuz.

«Nabarmendu nahi genuke aurten eskualde mailan alderdi politiko guztien aldetik izan dugun babesa (EAJ-PNV, EH BILDU, PSE-Durangaldea, PP-Durangaldea, AHAL DUGU-PODEMOS), gure manifestu/adierazpenari atxikituz eta honela, tamaina honetako gaiak beharrezkoa duen ahobatezko babes politikoa emanez» adierazi dute.

Ikasturte honen hasieran proposatutako helburuen artean, eskoletako menuetan bertako eta sasoiko produktuak sartzea zegoen; horretarako, BBk, Urkiola Landa Garapenerako Udalen elkartearekin batera, bai Eurest bai Ausolan-ekin, «gure eskoletako jantokietan menuak eskaintzen dituzten katering enpresetako birekin, batzartu gara. Nahiz eta erantzuna positiboa izan eta sukaldea duten eskoletan sartzeko konpromisoa hartu arren, ikasturte bukaera heldu da eta guk ez dugu praktikan ikusi. Irailean zentzu honetan berririk izatea espero dugu», azpimarratu dute

Bestalde, bai Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin bai Udaletxeekin izapide administratiboak martxan jarri dira, sukalderik ez duten eskoletan hauek ezartzeko baimena eman dezaten. Egoera honetan daude Zabalarra (Durango), Atxondo, Zaldíbar eta Iurretako Institutua. Azaldu dutenez «gure ordezkaritza politiko zuzenak, gure eskaria era ofizialean ezagutzen dutenak (gure eskoletako Organo Gorenetan parte hartzen dute eta Udaletan zuzenean jaso dituzte gure eskariak), momentuz gaiari aurre egin diote soilik gure taldean indarra egiten badugu eta hitza hartu. Erakutsi duten prestutasunagatik, hain oinarrizko eta beharrezko eskariekin eta osasunaren eta inguruaren gain duten inpaktu zuzena kontutan izanda, uste dugu beraien jokaera proaktiboagoa izan beharko litzatekeela etorkizun hurbilean».

Errebindikazio ekintzak

Gure ekimenaren eskaerak zabaldu eta ezagutzera emateko, hainbat ekintza sortu dira ikasturtean zehar. Lehenengoa Sukalde bat jantokian bideokliparen grabaketa izan zen, eskola ezberdinetan hitzaldiak, dastaketak, tailerrak,… baina maiatzeko azken astean batu ziren ekintzarik garrantzitsuenak. Honela, Zaldíbar, Iurreta, Abadiño eta Zabalarra (Durango) eskoletan bertoko produktuekin osotutako gosari eta askariak eskeini ziren (Basatxerri.ko pernila, Errotik.en jogurta eta gazta, Estakua Baserriko jogurta, Kerixara gazta, Patxikobaso Baserriko,
Miota Baserriko eta Batana Artisau Ogi-ko ogia, Laneko S. Coop.eko zukuak, ….). Berrizen bertso-bazkaria antolatu zen eta Zabalarran (Durango) familiek jantokiko menua dastatzeko aukera izan zuten eta eritzia eman.

Baina inpakturik handiena izan duen ekintza, Atxondoko eskolak egin duen “jantokiari planto” izan da. Astebetez jantokia erabiltzen duten ikasleak herriko txoko batera eraman zituzten familiek eta bertan antolatu ziren jatekoa prestatzeko eta neska-mutilak zaintzeko ordutegi horretan. Herriko sukaldari, ekoizle eta beste talde batzuen laguntza lortu zuten ekimena arrakastatsu aurrera irten zedin. Guzti honekin egiaztatu dugu teoriatik praktikara pasatzea posible dela, garrantzitsua dela gure seme-alabek jaten duten menua zuzenean ezagutzea eta bertoko produktuak eskola-ingurunetik ezagutzeak familien artean interes asko sortzen duela, bere kalitate handia egiaztatzea, ekoizten dituena ezagutzea, eta gaur egun eskolako menuagatik ordaintzen denarekin kalitatezko produktuak jan daitezkeela.

Foro ezberdinetan parte hartze zuzena

Berton Bertokoak, Gure Platera Gure Aukera mugimenduaren parte den bezala, Eusko Jaurlaritzan eskola jantokiak lantzen dituen mahaiko maiatzeko saioan parte hartu du, bere eskariak aurkeztuz: eskola jantokien eredu aldaketa, sukalderik ez duten eskoletan hauek ezartzea eta Durangaldeko jantokietarako proiektu estrategiko bat abian jartzea. «Gonbidapena ez zen ustekabekoa, sarritan egin baitugu eskaria eta. Gurasook gure seme-alaben elikaduran nahi duguna zuzenean ezagutzea eta entzutea oso garrantzitsua dela uste dugu. Gure erantzukizuna ere bada ikusle hutsen moduan jokatu beharrean, eragitea eta jangelan jaten dutenaren gainean erabakitzea. Jangelen kudeaketaren gainean ahalmena duenak gu entzuteko eta gu kontuan hartzeko betebeharra du».

Bestalde, Martxoan Urkiola Landa Garapena , eskualdeko Baserri Garapenerako Elkarteak, inguruko eskola jantokien Mahaia jarri zuen martxan, bertan Berton Bertokoaren manifestura atxikita dauden eskola publikoetako ordezkariak parte hartzen dute, Udalen ordezkariak eta ekoizleenak. «Mahai hau, gure ekimenetik ULGrekin izan dugun harremanaren fruitua da, foro hau gurea den proiektu bat sortzeko espazio paregabea dela uste dugu, ULGren papera ezinbestekoa delarik guztion arteko koordinatzaile eta bultzatzaile moduan. Laster, ULGk Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailean proiektuaren zirriborro bat aurkeztuko du eta mahaia datorren ikasturte hasieran batuko da berriro» azaldu dute.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.