[dotb.eus] [iritzia] “Iruña-Veleia Argituri buruz”

  • 2
    Shares

Joseba abadiñarrak idatzitako iritiz artikuloa

IRITZIA.- “Iruña Veleia” auziko epaia publiko egin da, eta, emaitza ikusita, zuengana jotzea erabaki dut. Izan ere, Iruña-Veleia plataformako kidea naiz, eta epaiak tripak nahastu dizkit. Horregatik, nire gogoetak idatziz jaso eta plazaratu egin nahi izan ditut.

Nire ibilbidea zein izan den jakin dezazuen, esango dizuet kasu horrek 2006. urtean erakarri zuela nire arreta, eta hurrengo urteetan, hedabideetako eztabaida, polemika eta abarrei jarraitu niola.
2018ko azaroan, “Iruña-Veleia Argitu” plataformaren hitzaldi batera joan nintzen, eta batzar hartan, nire susmo guztiak baieztatu baino ez ziren egin. Horregatik, duela urte eta erdi baino gehiago “Iruña-Veleia Argitu” plataforman sartu nintzen. Denbora honetan, plataformaren hainbat bileratan eta zenbait ekintzatan parte hartu dut, eta barrutik ezagutzen dudanez, hari buruzko iritzia eman dezaket.

Zalantzarik gabe, elkartearen inguruan bi alderdi azpimarratu nahi nituzke: batetik, elkarteak egin dituen ekintza guztietan erabakiak hartzeko izan duen maila etikoa, eta, bestetik, plataformak emandako informazioa beti kontrastatua izan dadin egin den lana. Txalotzekoa.
Harrigarria da baliabide ekonomiko eta pertsonal hain urriak dituen talde batek “Iruña-Veleia” garra piztuta eduki izana urte hauetan guztietan. Eta are gehiago, aurrean dituenak kontuan hartuta: komunikabide, erakunde, eliza eta abar guztiak. Daviden eta Goliaten arteko borroka eternala.

Hori esanda, aztertu nahiko nuke zein izan den erakundeen eta komunikabideen jokabidea nahasmen honetan guztian.

Plataformako hainbat pertsona epaiketan izan dira, egoitza judizialean, “in situ”, eta sinetsiko didazue edo ez, baina gure kolaboratzaileek lortutako eta partekatutako informazioa komunikabideek emandakoa baino askoz objektiboagoa eta inpartzialagoa izan da; izan ere, azken horiek, kasu gehienetan, beren interesak indartu dituzten edo lehendik eratuta zuten ideia indartu duten adierazpenak baino ez dituzte hautatu eta plazaratu. Eta hori ez da informazioa ematea.
Hedabideetan plazaratu diren ia datu guztiak faltsukeriaren aldekoak izan dira, eta defentsak emandako adierazpenak eta frogak sendoak izan diren arren, horiek ez dute ia inolako isla mediatikorik izan.

Adibidez, Arabako Foru Aldundiko bi zaharberritzailek zinpean adierazi dute akusazioaren argudio nagusietako bi (kalbarioaren ostraka ospetsua, ustezko “RIP” inskripzioarekin, eta Descartesek jartzen zuen akusazioak zioen ostraka) ez zetozela bat errealitatearekin: ez da zuzena lehenengoan “RIP” irakurtzen dela (eta hori epaiketan garbi adierazi zuten); eta ez da zuena “Descartes” jartzen duela, “Miscart” baizik. Baina suposatzen dut hori ez zenutela ez irakurriko ez entzungo hedabideetan. Gainera, zaharberritzaileek esan zuten ostrakaz betetako kutxa pare bat zeudela, Eliseok eta bere taldeak lortutakoak (bizpahiru mila unitate inguru). Haien adierazpenaren arabera, zaharberritzaileek bi kaxa garbituta zeramatzatenean, grafito berezi bat agertu zen, hegazti baten marrazkia, agian uso batena, ahoan galburua zuena (kristau ikurra, gehituko dugu guk). Aurkikuntzaren berri eman zioten diputazioari (Kultura diputatuari, etab.), eta berehala eman zieten gehiago ez garbitzeko agindua. Zergatik? Susmagaria, ezta?
Epaia publiko egin aurretik, hedabide askok epaiketa mediatiko bat egin zuten grafitoak faltsutzat joz. Eta ez hori bakarrik: faltsukeriaren aldeko agente batzuek mehatxuak jasan zituztela ere esan zuten. Eta egia esan behar dut: plataformako kideen artean ez dut inoiz ikusi, inoiz ere ez!, horrelako jokabiderik erakutsi duenik. Are gehiago, plataformako kide guztiak beti agertu izan gara horrelako ekintzen aurka. Hori argi gera dadila.

Bestalde, euskararen historiari eta Euskal Herriaren historiari buruzko dokumentalen kronista ofizialen batek fanatikoak garela esan izan digu irratiren batean. Jakin nahi nuke zertan oinarritzen den baieztapen hori egiteko. Aldi berean, kronista horrek telebistako pulpituetatik historialari falangistek duela 80 urte baino gehiago Euskal Herriaren euskalduntzeari buruz sortutako teoria “berriak” aldarrikatzen ditu (euskalduntze berantiarraren teoria, alegia).

Guretzat argi dago horren guztiaren atzean estrategia bat dagoela. Eta zein da estrategia? Ba, batetik, gure benetako historia ezkutatzea, eta, bestetik, egon daitezkeen aldarrikapenak neutralizatzea. Azken finean, Espainiako Gerra Zibileko irabazleen historia iraunaraztea da helburua. Izan ere, kontuan izan behar da Iruña-Veleian agertutako grafitoak egiazkoak balira, euskarak lurraldean duen presentzia zazpi mende aurreratuko litzatekeela eta euskalduntze berantiarraren teoria bertan behera eroriko litzatekeela.

Ondorioz, niri galdera hau datorkit burura: zein da komunikabide, erakunde, eliza eta abarren zeregina? Zergatik erakusten dute gaia argitzeko hain interes gutxi?

“Iruña-Veleia Argitu” k proposatzen duen gauza bakarra eztabaida horri irtenbide zientifikoa ematea da: ostrakak Europako laborategi neutral eta espezializatuetan aztertzea. Oso erraza. Zergatik ez dute erakundeek bide hori aukeratzen, logikoena eta arrazionalena izanda ere? Egiaren beldur dira ala ez zaie interesatzen? Guri bai, noski. Eta jendeari eskatzen diogun gauza bakarra hau da: kasuari buruzko interesa agertzea, informatzea, aurreiritziak alde batera uztea eta titular handiez harago joatea.

“Iruña-Veleia” kasuak inoiz baino biziago jarraitzen du. Gure benetako historia, kultura, hizkuntza eta abar ezagutu nahi baditugu, denok lagundu behar dugu. Herri kolonizatua gara, eta gure nortasuna jokoan dago.

Azken galdera bat ere badaukat, neure buruari sarri egiten diodana: zer egiten du nire moduko pertsona batek honetaz guztiaz idazten? Ez al dago gure herrian hau guztia salatzeko ni baino askoz prestatuagoa eta independenteagoa den inor?

Hor dituzue nire kezkak eta hausnarketak, eta, amaitzeko, taldeari aupada emateko baliatu nahi nuke iritzi artikulu hau. Beraz, animo eta aupa “Iruña-Veleia Argitu”! Irmotasunez eta iraunkortasunez lan eginda, lortuko dugu.

Joseba Mirena Azkarate

Abadiñon, 2020ko uztailaren 22an

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.