dotb Durangaldeko Telebista

[dotb.eus] ‘Photohistory’ proiektuari bukaera emateko Institutuko ikasleak Poloniara joan dira

Maiatzaren 19tik 25era Poloniako Sierakowice herrira joan dira
Gaur joan dira Poloniara Durangoko Institutuko ikasleak

DURANGO.- Azken bi ikasturteetan Durangoko Institutuak izan duen “Photohistory: where past and present come together” Erasmus+ proiektua bukatzear dago eta maiatzaren 19tik 25era Poloniako Sierakowice herrira joango dira Solidarność sindikatuaren ibilbidearekin lotu dituzten gure inguruko hainbat gaien aurkezpena egitera.

Irteera honen ardatza Solidarność sindikatua izan da. Ikasleek bere sorrera eta ibilbidea aztertu beharra izan dute, gero Euskal Herriko gertakariekin lotu ahal izateko. Garai bereko gertakizunak aztertuz, hemengo industria-birmoldaketak ekarri zituen gatazkak aurkitu dituzte: enpresa askoren itxiera (Euskalduna), langile grebak, manifestazioak eta abar. Momentu honetan dauden gatazkak aztertzen ibili ondoren, bizi baldintzak hobetzeko edota hainbat talderen eskubideak defendatze aldera borrokatzeko prest dauden hainbat mugimendu aurkitu dituzte: mugimendu feminista, erretiratuen antolaketa eta abar. Ikasleek, bi garaietako gatazkak argazkien bidez irudikatzeko erronka izan dute eta orain Sierakowice-en egingo den argazki erakusketan jarriko dituzten bost argazkiak aurkeztuko dituzte.

Pentsiodunak edo feminismo bezalako mugimenduak aztertu dituzte

Irteera hau, azken bi ikasturteetan institutuak izan duen “Photohistory: where past and present come together” Erasmus+ proiektuko azkena izango da. Aurreko ikasturtean, urtarrilean Portugaleko Peso de Régua eta apirilean Alemaniako Regensburg bisitatu ondoren ekainean Durangora etorri ziren proiektuan parte hartzen duten Europako ikastetxeetako ikasleak eta irakasleak. Portugalen XX. mende hasierako bizimodua eta ohiturak aztertu ziren Manoel de Oliveira zine zuzendariaren bidez, Alemanian XV. mendean hedatuta zeuden sinesmenak Furth im Wald hiriko Drachenstich festibalaren bidez eta hemen Gerra Zibilaren ondorioak Durangoko bonbardaketaren bidez. Ikasturte honetan Errumanian egon ziren urrian, bi lurraldeetako kultura eta ohiturak aztertzen janzkera tradizionalen bidez.

Irteera guzti hauetan herrialde ezberdinetako ikasleen artean sortutako harremanak sanoak eta aberasgarriak izan dira.

Horretaz gain, ikasleek hainbat konpetentzia lantzeko eta hobetzeko oso baliagarriak izan dira: komunikazio konpetentzia (ingelesean), konpetentzia artistikoa argazkigintzaren bidez, aplikazio ezberdinen erabilerarako konpetentzia errealitate birtualean produktuak sortzeko eta abar. Ikasleentzako bizitzan baliagarriak izango diren hainbat eskarmentu uzteaz aparte, bizi izandako hainbat momenturen oroitzapen giza, Erasmus Gelako izkina batean “Trigger” izeneko hainbat elementu kokatuko dira (argazkiak, postalak, txanponak eta abar). Horiek, gelarentzako apaingarriak izateaz aparte, “HP Reveal” aplikazioa erabiliz, telefono mugikorretan “Overlay” izeneko hainbat irudi eta soinu jarriko dituzte martxan.

Hurrengo ikasturterako proiektu berria

Horrelako proiektuak ikasleentzako dakartzaten onurak ikusita, hurrengo bi ikasturterako “Environment and Sustainable Development” izena izango duen beste erasmus proiektu bat eskatu da. Durangoko Institutuaz aparte, Ingalaterrako, Turkiako, Italiako, Norvegiako eta Alemaniako ikastetxeak ere izango dira proiektu horretako partaideak. Sei herrialdeotako ikasleek elkarlanean jardungo dute Garapen Iraunkorra mundu mailara nola eraman aztertzen.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.