Irailean Lituaniako Panevesyz herrian egon ziren institutuko ikasle eta irakasleak
DURANGO| Frantzia eta Txekia bisitatu ondoren “Walking on the Path of a Common European Heritage” Erasmus proiektuari bukaera emateko institutuko ikasle eta irakasle talde batek Lituaniako Panevesyz herriko ikastetxea bisitatu zuen irailean.
Irailaren 18tik irailak 25era arte Lituanian egon zen taldeak beste bizimodu bat bizi izan zuen, «hemen, Euskal Herrian dugunaren oso desberdina. Izan ere, hainbat ohitura berri topa ditugu bertan, esaterako, otorduak, etxebizitzen egitura, lagunartean moldatzen diren modua eta abar» azaldu dute proiektuaren parte-hartzaileek.
Esperientzia honekin, alde batetik, Europako jende berria ezagutzeko aukera izan dute eta bestetik, besteen bizimodua ulertzeko ere bai. «Argi eta garbi, Lituaniako, Txekiako eta Frantziako lagun ugari lortu ditugu, benetan bidai paregabea izatea lortu dutenak; beste herrialdeetako biztanleekin komunikatzea aberatsa izan da denontzako, besteen kulturak hobeto ulertu eta sentitu izan ohi baititugu» adierazi dute ikasleek.
Egonaldian zehar hainbat jardueratan parte hartu dute, adibidez, Panevesyz hiria eta Lituaniako hiriburua (Vilnius) bisitatzeko plazerra izan dute, edota Herrialdeko parke naturaletan ibiltzeko eta gozatzeko aukera ere. Horrez gain, STEAM laborategietan eta museoetan lan egiteko aukera izan zuten ere.
PROIEKTU BERRIAK| Proiektu hau bukatzean, beste batekin hasiko da ikastetxea: “Theatre a Common Laguage to Express Ourselves”. Proiektu honek ikasle ezberdinak leku desberdinetara bidaiatzeko ahalmena eskainiko du, Errumania, Italia, Chipre eta Greziara esate baterako. Horrez gain, institutuak Herbehereetako Groningen hiriko ikastetxe batekin urtero egiten duen elkartrukea berreskuratu du aurten.