dotb Durangaldeko Telebista

Euskal Jaia ospatuko du Amorebieta-Etxanok larunbatean

Jaieguna euskal kulturaz, tradizioaz, dantzaz eta musikaz gozatzeko ekintza eta ekitaldiz beteta egongo da

Ospakizuna datorren larunbatean izango da

AMOREBIETA-ETXANO | Datorren larunbatean, urriak 5, Amorebieta-Etxano jai giroan murgilduko da beste behin, oraingoan, Euskal Jai eguna ospatzeko. Euskal kulturari eta tradizioari loturiko festa handia da Euskal Jaia eta, urtero legez, dantza eta musika oinarri hartuta, ekintza egitarau oparoa antolatu dute herriko kultur talde zein gizarte eragile desberdinek, Amorebieta-Etxanoko Udalaren babesarekin.

Izan ere, Udalak, euskal tradizio eta ohiturak babestu eta sustatzearen aldeko apustuan, 13.370,46€ bideratu ditu aurtengo Euskal Jaira, besteak beste musika-ekitaldiak, soinu-ekipoak, aulkiak, mahaiak, elektrizitatea edota komunen instalaziorako. Horrez gain, ur-instalazioa, agertokia eta hesiak ere jarriko ditu Udalak..

Egitarau anitz bezain oparoa

Aurtengo euskal jaia, haur, gazte zein helduentzako ekintza eta ekitaldiz josirik dator. Goizeko 11:30etan erraldoiez, buruhaundiz, gaiteroz eta txistulariz osaturiko dianak emango dio hasiera euskal festari, herriko kale eta plazak musikaz alaituz eta girotuz. 12:15ean, baina, txupinak iragarriko du Euskal Jaiaren hasiera eta ondoren bertsoak eta agurra izango dira Herriko Plazan.

Hala, goizean zehar musika eta dantza izango dira protagonista nagusiak: 12:30ean herriko ikastetxeetako dantza eta abesti erakustaldia egingo da Herriko Plazan; 13:00etatik aurrera, musika kantu eta dantza nagusi izango dira herriko kale desberdinetan eta aldi berean Gaztedi Barri txaranga ere arituko da jaia girotzen, Lopenaren aurrean.  Horrez gain, eguerdiko 14: 00etan, Zornotzako Musika Bandak kontzertua eskainiko du eta kalejira bat eta txalaparta doinuak ere entzungo dira herrian, azken horiek, Zelaieta parkean.

15:00etan bazkari herrikoia egingo da Zelaieta Parkean eta bazkal ostean, bingo musikatuak eta DJ Jonkassek girotuko dute festa. Arratsaldean, halaber, 16:30-18:30 bitartean, haurrentzako baserriko kirol parkea egongo da Zelaietan, eta 19:30ean, Kittu taldearen kale emanaldia, Luis Urrengoetxean.

Jardunaldiari amaiera emateko, 22:00etan, Zutik taldearen erromeria egingo da Zelaieta parkean, eta bertako ekoizleek emandako tokiko produktuekin osatutako saski baten zozketa ere egingo da. Gainera, egunean zehar  Euskal Jaiko zapiak jarriko dira salgai.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.