Garrastatxu alkateak eta koalizioko hautagaiak indarkeria matxistaren aurrean pauso bat gehiago ematea aldarrikatu du
DURANGO | Emakumeen agerraldia ospatu du Durangoko EH Bilduk larunbat goizean Landako Gunearen inguruetan. Bertan, Ima Garrastatxu alkateak eta koalizioko hautagaiak indarkeria matxistaren aurrean pauso bat gehiago ematea aldarrikatu du. Horretarako, indarkeria matxista prebenitzeko eta biktimak artatzeko zerbitzu berri bat martxan jartzeko konpromisoa hartu du emakumeen aurrean.
Garrastatxuren hitzetan, indarkeria matxistak hil egiten gaitu, egunero eta edonon, eta basakeria hau geratzea gizarte osoaren ardura da. XXI. mendean, genero berdintasunerako bidean erronka garrantzitsuak ditugu oraindik, eta arazo horiei premiaz eta erabakitasunez heldu behar zaie. Horregatik, EH Bildutik konpromiso irmoa erakusten dugu borroka horretan erraminta berriak eskaintzeko”.
Horietako bat izango da dagoeneko Udaletik Durangoko Autodefentsa Feminista Asanbladarekin (DAFA) batera lantzen diharduten lan tresna berria. Azken honek Indarkeria matxista prebenitzeko eta biktimak artatzeko zerbitzu integrala eskainiko du, indarkeria matxistak izan eta sortu dezakeen errealitate bakoitzari erantzun pertsonalizatu bat emateko.
Zerbitzu berri honek indarkeria matxista kasu baten ondorengo denboran ipiniko du arreta, hau da, artatzean. Alkatearen arabera, eraso matxista bat gertatzen denean erakundeetatik eskaini beharreko artatzea ezin da denbora labur batera mugatu, errekuperazio prozesua luzeagoa eta gorabeheratsuagoa izaten baita, eta kasuan kasu aztertu beharrekoa da.
Garrastatxuk adierazi duenez, “eraso bat gertatzen denean biktimak instituzioen babes irmoa sentitu behar du, eta horretarako arreta pertsonalizatu bat eskaini behar dugu, kasu bakoitzak ezaugarri ezberdinak dituelako”. EH Bilduk bere konpromisoa agertu du zerbitzu hau uda osterako martxan jartzeko.
Azken hilabeteetan III. Berdintasun Plana onartu da, baina Garrastatxuk nabarmendu du Udalak pauso asko eman behar dituela gaia ahalik eta modu egokienean jorratzeko, eta lan hori herriko mugimendu feministarekin batera egin beharko dela:
“Durangon mugimendu feminista oso aberats bat daukagu. Elkarte bakoitzak bere ezaugarri eta dinamika ezberdinak ditu, baina erakutsi dugu guztion artean helburu handiak lor ditzakegula. Indarkeriaren gaitzari modu bateratuan aurre egingo diogu”.