[dotb.eus] [bideoa] “Durangok kultur sorkuntza eta lanak garatzeko espazio fisikoa behar du”

‘Plateruena ta orain zer?’ dinamikak diagnostikoa eta ondorioak aurkeztu ditu
Atzo hainbat lagun batu ziren Plateruenako terrazan

DURANGO.- ‘Plateruena ta gero zer?’ dinamikaren ondorioekin osatutako kudeaketa proiektua aurkeztu zen atzo: Plateruena: lantegi eta erakusleiho lemapean. Aurkezpena Plateruena kanpoaldean egin zen, eta dozenaka herritarrek parte hartu dute bertan. Usue Eguiak eta Paula Aranak ilustrazio erraldoi bat egin zuten; Nerea Aizpuruak hainbat musika pieza jo zituen, eta Mariano Estudillogaz batera Joseba Sarrionandiaren poema bat musikatu zuten, baita ere. Plateruenaren itxierak utzitako hutsunea, eta Durangoko beharrizanak betetzeko helburua du proiektu honek.

Lau ardatz ditu proiektuak.Alde batetik, kultur sorkuntzaren prozesu osoa garatzeko espazioa izan behar du Plateruenak, hau da, erakusleiho izateaz gain, sorkuntza prozesuak sustatuko dituen, eta hauei lekua emango dien espazioa izan behar du. Honela, kultur transmisio horizontala sustatu gura da, kalitatezko programazio kulturala eskaintzeaz gainera. Euskara sustatzea izango da proiektuaren beste helburuetako bat, horretarako euskara programatzerakoan edo sortzerakoan lehenetsiz, besteak beste. Durangoko kultur ekosistema elikatu eta kultur eragileen sarea osatzea beharrezkotzat jotzen du proiektuak, baita ere, kultur egitasmo eta erakundeen arteko elkarlana koordinatzeko eta sustatzeko. Azkenik, Plateruenak herritarrak inplikatzeko mekanismoak behar ditu, herritar guztientzako zerbitzua eskaintzeko.

Jasotako txostenak, proiektuaren bestelako ezaugarriak ere azaltzen dira, hala nola, kultura nola ulertzen dugun, Plateruenak eskaintzen dituen espazio ezberdinak nola erabiliko diren, edota herritarren ahalduntzea sustatuko duen edota kultur transmisio horizontala bermatuko duten mekanismoak.

‘Plateruena ta gero zer?’ dinamika

Ondorio hauek 2020ko urrian ‘Plateruena ta gero zer?’ dinamika martxan jarri ostean abiaturiko harreman bira eta parte hartze prozesutik datoz. 22 elkarte eta erankunderekin eta kultur arloko 34 lagunekin batu dira aurrez aurre iritziak elkartrukatzeko, eta horrez gainera, lau saio irekin egin dituzte; saio horietan 82 lagunek parte hartu dute. Durangotik kanpoko esperientziak eta gisako proiektuak ezagutzen egon dira, baita ere: Elorrioko Arriolan, Azpeitiko San Agustinen eta Gernikako Astran.

Herritarren aurrean txostena aurkeztu ostean, gaur Durangoko udalean ordezkaritza duten alderdiei bidaliko diegu dokumentuaren kopia bana. Udaleko kideek gure proposamena aintzat hartuko dutelakoan gaude, eta elkarlanerako prestutasun osoa dugula erakutsi dugu.

Ekimenaren bultzatzaileek eskerrak eman gura dizkiete “modu batera edo bestera prozesu honetan parte hartu duten (duzuen) norbanako, kolektibo eta erakunde guztiei”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.