[dotb.eus] “Plateruena ixtearekin euskarak arnasgune erreferentziala galduko du”

Euskal Herrian Euskarazek elkarretaratze deialdia egin du larunbaterako

DURANGO.- Durangoko Plateruena kafe antzokiak abenduan ateak itxiko dituela ezagutu berri dugu. Zinez albiste tristea urteotan Plateruenako erabiltzaile izan garenontzat. Baina bereziki albiste kezkagarria euskararentzat eta euskal kulturarentzat. Plateruena ixtearekin euskarak arnasgune erreferentziala galduko du eta euskal kulturak azpiegitura oso garrantzitsua.

Baina Plateruenaren itxieraren gertaera espezifikotik harago, itxiera hau sakonagoko korronte kezkagarrien adierazle dela uste du EHEk. COVID-19aren pandemiak areagotu dituen baina lehenagotik datozen eraldaketa sozial, kultural, teknologiko, ekonomiko eta politiko egiturazkoen adierazle dela uste dugu. Bestelako mundu batera eramaten ari gaituzten eraldaketak.

Plateruenaren itxiera, eraldaketa horiei aurre egiteko herri gisa eta hizkuntza-komunitate gisa beharrezkoa dena egiten ari ez garenaren sinbolo gisa ikusten du EHEk. Oraindik ez da berandu, baina atzeratuta gabiltza, zalantzarik gabe.

Euskararen normalizazio-prozesua ez doa ondo. Ez, ez doa ondo. Hamarkada daramagu bidegurutzetik atera nahi eta ezinean. Asko da aurreratutakoa, bistan da, baina bertan ditugun garai mehatxagarriek dakartzaten erronkei aurre egiteko beste dimentsioko neurriak behar ditu euskarak. Euskararen normalizazioan jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa eragingo duten erabakiak hartu behar dira epe motz batean. Zama guztia herritarren bizkar utzita eta errealitatea desitxuratu nahi duten mezu “positiboen” lilurara mugatuz gero, euskararenak egin du. Plateruena bezalako arnasguneetan euskarak eutsi ahal izango dio epe batez, baina jauzi hori egin ezean, arnasgune horiek euskaldunen erreserbak bilakatuko dira, eta lehenago ala beranduago, horiek ere erdaren ozeanoan desagertuko dira.

Era berean, euskal kulturgintzaren egoera zaurgarria dugu guztiz. Aurrez kezkagarria zena, pandemiak kinka larrian utzi du euskal kultur sortzaileen eta kultur azpiegituren egoera. Instituzioen laguntzak huskeriara mugaturik eta limosna kutsuarekin; kultur azpiegiturak biziraun ahal izateko etengabeko borroka nekagarrian (Plateruenarekin ikusi dugun bezala); euskarazko kultur sorkuntzak hedabideen ikusezintasuna pairatu beharrean, salbuespenak salbuespen, bereziki kezkagarria izanik hedabide publikoetan duen presentzia eskasa; hori gutxi ez eta globalizazio uniformizatzailearen enbatak bere aurpegi kulturala ere badu, mundu osoan kultur adierazpide bakar batzuk eta kultura jasotzeko modu bakar batzuk nagusitzen ari direlarik. Hori guztia bertako mota guztiko botereen (instituzional, ekonomiko zein mediatikoen) bedeinkapen eta utzikeria osoarekin.

Horregatik, instituzioei exijitzen diegu behingoz gure hizkuntza eta kulturaren aldeko neurri estruktural eraginkorrak har ditzaten. Ez da hitz politen edo eraginik gabeko neurri sinbolikoen garaia. Euskalgintzarekin eta kulturgintzarekin parez pare eseri, diagnostikoa partekatu eta egoerak eskatzen dituen tamainako neurriak adosteko garaia da. Euskararen alde egotetik euskararen alde beharrezkoa dena egitera igarotzeko unea da. Euskara eta euskarazko kultura erdigunean jartzeko garaia da.

Hori lortzeko euskaltzaleok altxatu eta kalera ateratzeko garaia dugu. Instituzioak presionatzeko, eta, herri eta hizkuntza-komunitate gisa galbidera garamatzaten joera linguizida eta uniformizatzaile horiei aurre egiteko. Beste garai batzuetan egin bezala, euskaltzaleok gure hizkuntza euskara eta euskal kulturaren defentsan aktibatzeko garaia dugu.

Horregatik guztiarengatik, Euskal Herrian Euskarazek elkarretaratzea deitu du datorren larunbatean, hilak 10, Durangoko Plateruena kafe antzokiaren aurrean, eguerdiko 12:00etan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.